Jaurlaritzeak diru gehiago emongo dau aurten euskaltegietako irakasleentzat
2017-08-11 12:02 Euskerea berbagaiHABEren bidez egingo dau ekarpena, eta euskaltegi publiko zein pribaduei lagunduko deutsie.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak ohar bat plazaratu eta hor adierazo dauenez, 19,5 miloe euro baino gehiago emongo deutsez 2017-18 ikasturtean euskaltegi pribaduei, igaz emondakoa baino % 6 gehiago hain zuzen. Euskaltegi publikoetarako, ostera, 11,5 miloe bideratuko ditu, aurreko ikasturtean baino % 1 gehiago. Laguntzinoak igoteko arrazoi nagusia, Jaurlaritzearen esanetan, irakasleen lan baldintzak hobetzea da. Gaur egun, 1.300 irakasle dagoz euskaltegien sarean.
Horrezaz gan, ikasleentzako diru-laguntzinoak be egongo dira, aurreko urteetan legez. 2017-18an, hainbat ikaslek doban edo merkeago izango dabe matrikulea, jagoken mailea gainditu ezkero. Era horretara, euskerea ikasten dabizanei bultzadea emoten jake eta jente gehiago erakarten da euskaltegietara. HABEk 1.250.000 euro bideratuko ditu zeregin horretara.
Diru-laguntzino horreez gan, udalek eta aldundiek be antzeko egitasmoak dituela gogoratu dau Jaurlaritzeak. Era berean, lanean dabiz legegintzaldi honetan bertan B2 mailara arteko ikasketak dobakoak izan daitezan; hizkuntza politikak kudeatzen dituen erakundeen alkargune dan HAKOBAren bidez dabiz helburu hori beteteko adostasunak bilatzen.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 35.000 lagun inguru dagoz euskerea ikasten, euskaltegi publiko zein pribaduetan. Guztira, 103 euskaltegi dagoz erkidegoan, horreetatik 64 ekimen pribadukoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!