Mendizale italiar bat erreskatau dabe Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak GII mendian

Bizkaie! 2017-07-25 12:24   Euskaldunak munduan

WOPeak proiektuko espedizinoa bertan behera itxi behar izan dabe hiru mendizaleek, baina etxera bueltau aurretik Valerio Annovazziri lagundu deutsie.

Argazkia: WOPeak | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasherbrum I eta II tontorretara bide ezohiko eta gogorretatik heltzea izan da WOPeak espedizinoaren helburua. Baina eguraldi txarrak ez deutse aukerarik emon Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzaren taldeari. Hortaz, espedizinoa bertan behera itxi behar izan dabe.

Behe Kanpalekura heldutakoan, baina, albiste kezkagarriak jaso zituan hirukoteak. Izan be, espedizino komertzial baten joandako Valerio Annovazzi italiarra falta zan kanpalekuan. Haren sokakideek azaldu ebenez, Gasherbrum II-tik beherako bidean burua galtzen hasi zan Annovazzi eta aurrera segidu ezinda geratu zan.

Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza prest agertu ziran laguntzeko eta euren lanari esker Annovazzi bizirik bajatzea lortu dabe. Lehenik eta behin, teleobjektiboagaz ikusi eben Annovazzi oraindino Hirugarren Kanpalekuan egoala. Ostean, hamabi ordu inguruko bideari ekin eutsien hirurek, Annovazzi egoan lekuraino. Deshidratazino eta izozte sintomak eukazan italiarrak. Hirugarren Kanpalekuan bertan artatu eben Annovazzi eta, ondoren, Bigarrenera bajatu ziran, han gaua pasetako.

Goizeon heldu dira hiru euskal mendizaleak eta italiarra Behe Kanpalekura. Eguraldi txarragaitik helikopteroak ezin izan dau erreskatean lagundu baina, zorionez, Annovazzi bere kabuz bajatzeko gauza izan da, beste hiruren laguntzinoagaz. Gasherbrumen une latzak igaro arren, badirudi guztiz osatu ahal izango dala.

WOPeak espedizinoko kideek adierazo dabenez, helburua bete barik bueltauko zirala uste ebenean, gailurrik handiena eskuratu dabe Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak. Hau da guk sinisten dogun apinismo ereduaren adibide gorena, bizitzea da gure gailurrik garrantzitsuena, esan dabe. Gasherbrum I edo IIko tontorrera ez heltzea kolpea izan dala onartu dabe, baina Annovazziri lagundu eta gero oso pozik dagozala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu