Agirreren ondarea New Yorken
2017-07-18 10:29 Euskaldunak munduanAgirre Lehendakaria Centerrek eta EHUk New Yorkeko Columbia Unibersidadeagaz sinatu dabe alkarlanerako hitzarmena ikertzaile-trukea egiteko urteroko programea bultzatzeko.
Agirre Lehendakaria Centerrek eta Euskal Herriko Unibersidadeak Columbia Unibersidadeko AC4 zentroagaz sinatu dabe alkarlanerako hitzarmena, Joshua Fisher Doktoreak zuzenduta, EHUko ikerlariek sei hilebeteko ikerkuntza-egonaldiak, gitxienez, unibersidade amerikarran egin deiezan.
International Agirre Program erakundea bidaia luze baten emoitzea da. Agirre Lehendakaria Center eta Columbia Unibersidadearen arteko hartu-emonak 2013an hasi ziran, eta zenbait ikerkuntza eta bestelako proiektuak egin ditue alkarregaz, betibe giza garapen iraunkorra oinarritzat izanda. New York-eko zentroarentzat programa honek kontzeptu honetan sakontzeko aukerea dakar, Euskal Herria eredutzat hartuz, izan be, gure azken hamarkadetako eraldaketa giza garapen iraunkorreko nazinoarteko eredurik arrakastatsuenen artean kokatzen dabe.
Ekimen honek euskal kasua giza garapen iraunkorreko eredu legez EAEBetan konpartidutea ahalbidetuko deusku, gure herria munduko plazan kokatuz, alde batetik; eta bestaldetik, Ipar Amerikako euskal diasporeagaz hartu-emonak be estutuz.
Ekimen honen bitartez jarraipena emoten jake 1940ko hamarkadetan hasitako EEBBko unibersidadearen eta Euskal Herriaren arteko hartu-emonei, Jose Antonio Agirrek bertan Historia Garaikideko irakasle izan zala. Agirre euskal kulturearen eta giza eskubideen defendatzaile nekaezina izan zan, totalistarismoaren kontra. Programa hau, hain zuzen be, bere ondarearen sinboloa da, eta datozen belaunaldientzako aukera parebakoa izan daitekelakoan gagoz, Euskal Herria eta Amerikaren arteko zubi garrantzitsua izateaz gan.
Kontuak kontu, garagarrilaren 17an argitaratutako deialdiari jarraituz, urrian bialduko dogu lehenengo ikerlaria New Yorkera, bertan sei hilebetetik gorako egonaldia eginez (urte bat gehienez). Programa pilotoak urte biko iraupena izango dau, eta akordioa barriztetan segidutea da asmoa.
Azken buruan, etorkizunean noranzko bi izango dituan programea izatea aurreikusi dabe, Columbiako ikerlariak Euskal Herriko Unibersidadean hartzen dituana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!