Leonor Espinosa sukaldari kolonbiarrak irabazi dau Basque Culinary World Prize 2017 saria

Bizkaie! 2017-07-18 08:39   Jan edanak

Saria Euskadi Basque Country estrategiaren barruan antolatuta dago, bikaintasunean erreferente eta bizitza-kalidadean zein gizarte-kohesinoan eredu dan herrialde baten marka legez.

Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea Mexiko Uriko Sor Juana klaustroan egindako ekitaldian jakinarazo dabe Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, Joan Roca, epaimahaiburua eta Dominique Crenn epaimahaikidea bertan zirala. Mexiko aukeratu dabe ekitaldiok egiteko, Latinoamerikako gastronomiaren aberastasunaren adierazpide eredugarria dalako eta sukaldaritza garaikideak aurrez aurre dituan erronkak bikain irudikatzen ditualako.

Leonor Espinosa izan da Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea; bere herrialdeko sukaldaritza popularra erakusten dau bildur barik; holan, euren sukaldaritza sustatzen dago, barrikuntzan indarrak jarrita, biodibetsidadearen erabilerea ugaritzeko eta norberarena danari balioa emoteko tresnea dalakoan. Funleo fundazinoaren bitartez, herrialde indigenen eta afro-kolonbiarren alde egitea aldarrikatzen dau, elikadura subiranotasunaren esparruetan landa-hazkundeko prozesuak bultzatzen ditu, eta produktore txikientzako merkaturatze-kanalak bilatzen, bai eta hezkuntza, nutrizinoa, ekintzailetza eta turismorako tokiak be herri etnikoetan. Chocó eskualdean Sukaldaritza Zentro Integral bat zabaltzeko laguntzak batzen dabil, narkotrafikoari alternatiba bat bilatzeko. Era berean, nabarmentzen dau Kolonbiak bere sukaldaritzearen aberastasunaz jaubetu behar dauela.

Basque Culinary World Prize Eusko Jaurlaritzeak emoten dauen nazinoarteko saria da, Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan eta gastronomiako erakunde akademikoetan lider dan Basque Culinary Center (BCC) erakundearen bidez. Leonor Espinosak 100.000 euro jasoko ditu berak hautatutako sukaldaritzearen gaitasun eraldatzailea islatzen dauen proiektu baterako. Aurreko ekitaldian, 2016an, María Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak irabazi eban saria, Venezuelan egindako Cacao de Origen proiektuagaz.

Leonor Espinosaren aukeratu dabe irabazle hamar proiektu finalistaren artetik. Epaimahaian mundu zabaleko sukaldari sonatuenetako batzuk izan dira, besteak beste, Joan Roca (Espainia), Gastón Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko). Baita hainbat diziplinatan nazinoarteko ospea daben adituak be: Laura Esquivel, Como agua para chocolate best-sellerraren idazlea; Kirmen Uribe, euskal idazlea; Cristina Franchini, nazinoarteko zuzenbideko aditua; Matthew Goldfarb nekazari organikoa, landa-soziologoa eta produkzino jasangarriko aditua; edota María Fernanda di Giacobbe, Basque Culinary World Prize 2016 sariaren irabazlea.

Honako honeek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko finalistak: José Andrés (AEB), Ebru Baybara Demir (Turkia); Leonor Espinosa (Kolonbia); Dan Giusti (AEB), David Hertz (AEB), Anthony Myint (AEB), Daniel Patterson & Roy Choi (AEB); Melinda McRostie (Australia / Grezia); Niko Romito (Italia); eta Ricardo Muñoz Zurita (Mexiko).


Euskadi-Basque Country estrategia

Aurtengo edizinoko irabazlea jakinarazoteko ekitaldian, Bittor Oroz sailburuordeak nabarmendu dau saria estrategia baten barruan ulertu behar dala, bikaintasunaren, bizi-kalidadearen eta gizarte-kohesinoaren eredu dan herrialde-estrategia baten barruan, hain zuzen: Gero eta nabarmenago da elikadurearen eta gastronomiaren sektorean alderdi tradizionalak eta teknologia barriak bat egiten dagozana, eta baldintza hori aprobetxau behar da garatzen dan inguruaren baldintza sozialak eta ekonomikoak hobetzeko, haren nortasun-osogaia sustatuta, baita konpromiso soziala bere.

Orozek gidatutako ekitaldian, Basque Culinary Centerren nazinoarteko kontseiluaren bilerea be egingo da, baita biodibertsidadeari buruzko sinposium bat be Xochimilcon.


Leonor Espinosa, Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea

Sariak ilusino handia emoten deutse hainbat urtetan euren arbasoen nortasun kulturalaren eta balioa aldarrikatzen ibili diran komunidadeei, gatazka armatuak eragindako isiltasunari, injustiziari eta bazterketeari aurre egiteko modu bat da. Eta herrialdeari autortzen deutso errekonziliazino prozesu honetan, gastronomia prozesuen alde egitearen garrantzia, tresna ekonomiko moduan, ongizatea sortzeko gaitasuna daben herrialdeen garapenerako.


BCWP aukeratzeko prozesua

Basque Culinary World Prize saria irabazteko 30 herrialdetako hautagaitzak izan dira, eta guztira 110 sukaldari izentau zituen. Saria eskuratzeko parte hartu ahal izateko, sukaldariek beste profesional baten izendapena behar eben.

Industriako profesionalek eta erakundeek mundu zabaleko sukaldariak izentau zituen, betibe erakusten dabenak gastronomia motor eraldatzaile izan daitekeela hainbat alorretan, barrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, garapen sozial eta ekonomikoan, osasunean edota, oro har, elikagaien industrian eragin positiboa eragiten badabe.

Bagilaren 12an, batzorde teknikoa batu zan Basque Culinary Centerren, hamar finalistak aukeratu ahal izateko; batzorde teknikoaren buru Elena Arzak sukaldaria izan zan, eta honako honeek osotu eben: Xavier Medina, Kataluniako Unibersidade Edegiko egilea eta antropologoa (Espainia); Melina Shanon Dipietro, Mad Institute (Danimarka) erakundeko zuzendaria; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibersidadeko Elikadura Zientzien Saileko akademialaria (Danimarka); Marta Miguel Castro, Gastronomia Zientzietako Ikerketa Institutuko zientzialari titularra (Espainia) eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria.

 

Informazino gehiago hemen

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu