Judit Ruiz de Munain: ‘Gozau besterik ez dot egin lanari formea emoten neutsan bitartean’

Ainhoa Lores 2017-07-17 08:00   Barriketan

Idazlea

Ausartak, sentsualak eta iradokorrak, holakoak dira Zukafukamusuka liburuak batzen dituan 20 istorioak. Txalaparta argitaletxeagaz argitaratu dau lana Judith Ruiz de Munainek.

Gazteiztarrarentzat lehengo liburua da honakoa. Bere ondoan Patxi Zubizarreta idazle eta itzultzailea eta Jokin Mitxelena irudigilea izan ditu. Hiruren artean egindako lana dala dinoe, alkarlanean sortutakoa, hain zuzen be. Ruiz de Munainek liburuari buruzko zehaztasun gehiago emon deuskuz.


1.- Informatika-injinerua zaitugu. Nondik dator bat-bateko literaturara salto hau?

Egia esan, txikitatik idatzi izan dot. Poemak idazten nituan lehen hezkuntzan, eta hamabi urtegaz nire lehenengo egunkaria erregalau eustienetik horretan be idatzi izan dot. Benetako saltoa argitaratzea izan da, baina, Jokin eta Patxi alboan izanda ez dot bildurrik izan.


2.- Izen bitxia aukeratu dozu: Zukafukamusuka. Nondik dator?

Berba joko bat da. Egoera erotikoetan euskerea erabilteko zailtasuna eta hiztegi faltea dagoala iruditu jakun. Ingelesetik mailegua hartu genduan: suck eta fuck. Hortik zukatu eta fukatu berbak asmau genduzan. Eta horra hor zuka-fuka-musuka-ren jatorria.


3.- Ipuin erotikoak dira danak, hainbat estilokoak. Zelan sortu dituzu?

Urte baten sortutako testuak dira. Nire bizitearen sasoi nahasi baten isla izan leikez estilo aldaketa honeek, baina benetan dinotzut ez dala izan nahita bilatutako zeozer.


4.- Emakumeen indarra islatu nahi izan dozu istorio guztietan. Zein izan da asmoa?

Bere sentiberatasuna galdu barik, bere indarra be topetan dauen emakumea erakutsi nahi izan dot. Dan legez eta izateko bildurrak gainditzen dituana, bere senari jarraitzeko kapaz dana.


5.- Nori gomendatuko zeunskio liburua?

Bizitza arruntan magia pixka bat bilatzen dauen edonori, gizona izan edo emakumea izan. Hiztegi erotiko aberatsagoa izan nahi dabenei be oso ondo etorriko jake.


6.- Noiz eta zelan hartu zenduan 20 istorioak argitaratzeko erabagia?

Argitaratzeko aukerea Patxiren eta Jokinen eskutik etorri jatan, Txalaparta argitaletxearen onespena lortu ebenean. Holako karanbolak gitxitan gertatzen dira bizitzan eta esperientzia barriei ez deutset uko egiten, erabagi erreza izan zan.


7.- Euskeraz idazteko behar dan mailarik ez dozula dinozu. Halan da be, zure lehenengo lana euskeraz argitaratu dozu. Zergaitik?

Holan subertau dalako. Patxiren parte hartzeak pisu handia izan dau argitaratzeko orduan be. Bestalde, euskerazko literatureak erotismo pixka bat behar dauela uste dot.


8.- Patxi Zubizarretak ekarri dau Zukafukamusuka euskerara eta Jokin Mitxelena irudiez arduratu da. Alkarlanean sorturiko lana dala dinozue. Zelan sortu da zeuen arteko lan hau?

Nik Jokin ezagutzen neban, eta nire ipuintxuak aurkezten ausartu nintzanean, berak oso gustukoak izan zituan. Patxirengana jo eban eretxi bila eta berak be interesa erakutsi eban. Biek eben zeozer desbardina eta dibertigarria egiteko gogoa, eta nire idatziek aukera hori emon eutsien.

Internet bidez egin dogu lan. Nik gaztelerazko testuei azken orraztu bat emoten neutsen. Patxiri pasetan neutsazan eta berak, euskeraz moldatu eta gero, Jokin eta niri bialtzen euskuzan bueltan. Jokinek bitartean, Alemaniatik egin dau lan marrazkiak sortzen.


9.- Itzulpen lana baino, sormen lana izan da Zubizarretarentzat liburua euskeratzea. Holaxe aitatzen dau berak. Zer suponidu deutso horrek jatorrizko testuari?

Patxik egindako lanaren emoitzea benetan ederra izan da. Ez da itzulpen hutsa izan, jakina, moldaketa bat izan da.

Ipuinez ipuin egin dogu lan. Berak, bere magia egin eta gero, posta elektronikoz bueltetan eustazanean, irrikitan nengoan irakurten hasteko. Irakurketa azkar bat egin eta gero, bigarren bat egiten neban euskeraz idatzitakoa benetan gozetako.

Patxik bere estilo elegantea gehitu deutso lanari, eta jatorrizko ipuinak beste maila batera eroan ditu.


10.- Irudiei jagokenez, nahiko esplizituak dirala esan leikete orokorrean, salbuespenak salbuespen. Zure Istorioak ondo islatuta dagozela uste dozu?

Bai, holan uste dot. Ipuinak guztiz esplizituak dira, gehienak erotismotik baino, pornotik hurrago dagoz. Jokinek dinonez, desatado ibili da, oztopo eta filtrorik barik sortzen. Teknika eta estilo desbardinak erabili ditu, testurea eta argi berezia daukiezan irudi ederrak sortuz.

Beste alde batetik, Mitxelenaren marrazkiek liburu osoaren espiritua bereganatzen dabe.


11.- Irudi nahiko bereziak sortu ditu Mitxelenak. Japoniako shunga irudi erotikoetan oinarrituta. Zergaitik estilo hau?

Berak oso gustukoa dau japoniar arte klasikoa, Hokusai artistearen lana adibidez. Irudi landu eta koloretsuak dira. Horreen artean shunga muetakoak dagoz. Udabarriko irudiak esan nahi dau shunga berbeak. Bikoteen logeletan jarten ziran irudiak dira, eta bertan eszena erotiko oso esplizituak agertzen dira. Irudi horreetan inspirauta sortu ditu liburukoak, Euskal Herriko shunga irudiak dira.

Liburuan agertzen diran olagarroak be, Arrantzalearen emaztearen amesa deritzon marrazki bati keinu bat dirala uste dot. Baina hobe berari galdetzea.


12.- Itzulpenaren ostean, jatorrizko hizkuntzan argitaratzeko asmorik dozu?

Nahiko neuke, baina ez da lan erreza gaztelerazko lan batentzako argitaletxea topetea. Umeak eta lanagaz ez daukat denpora libre larregi. Oraingoz, nire kabuz argitaratuko dot, sareak eskaintzen dituan baliabideak aprobetxauta. 


13.- Zer emon deutsu liburu honek?

Esperientzia barri eta aberasgarri bat biziteko aukerea emon deust. Lehenik eta behin primeran pasau neban ipuinak idazten, fantasiak eta abenturak berben bidez biziten. Eta gero artista handi bigaz lan egiteko aukerea be izan dot. Gozau besterik ez dot egin lanari formea emoten neutsan bitartean. 

Lagun barriak egin dodaz eta jente desbardin eta oso interesgarriagaz kontaktua izan dot. Nire eguneroko lanetik, enpresa eta teknologiaren mundutik, kanpo dagoan beste uniberso horri begirada bat emoteko aukerea izan dot.


14. Zure lehenengo hartu-emonak dira literaturagaz. Aurrerantzean beste zeozer sortzeko asmorik badozu?

Oso pozik eta harrituta nago aurten lortutakoagaz. Zukafukamusukaz gan, Acuarium fundazinoaren Urearen ipuinak deitutako saria irabazi neban beste ipuin bategaz.

Dana dala, jazoera guzti honeek extra bat dira, idazteko gogoa daukadan bitartean idatzi egingo dot, nazenaren parte bat da. Literatura profesionalaren munduagaz lotura gehiago izango dodan edo ez denporeak esango dau, oraingoz momentua biziten jarraituko dot gure bihurrikeri honek sortutako olatuari eutsiz.

 

Liburua helbide honetan dago salgai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu