BFAren artxiboak XX. eta XXI.mende hasierako 14.000 negatibo jaso ditu

Bizkaie! 2017-07-12 10:57   Kulturea

Iñaki Garcia Uribe Aranzadiko ikerlariak dohaintzat emondako argazkiak dira honeek.

Iñaki Garcia Uribe eta Lorea Bilbao | Ikusi handiago | Argazki originala

Lorea Bilbao Euskera eta Kultura diputaduak eta Iñaki Garcia Uribe Aranzadiko ikerlariak Bizkaiko Foru Artxiboan argazki funts garrantzitsua gordailatzera hurreratu dira. Garcia Uribek dohaintzan emon ditu askotariko gaiak jorratzen dituen ia 14.000 negatibo, XX. mendeko 50eko hamarkadatik XXI. mende hasierara artekoak.

Funts hori Garcia Uriberen aita zanak, Javier Garcia Rodrigok osotu eban. Goi Nerbioi eskualdean argazkizale garrantzitsutzat joten eben Javier eta argazkigintzea mendizaletasunagaz buztartzen eban. Semeak, orain, haren bildumea berrantolatu dau.

Lorea Bilbaok adierazo dauenez, dohaintzan emondako dokumentazinoak Bizkaiko funts historiko eta dokumentala aberasten dau.

Funts hau balio historiko handikoa da, sakon eta zabal islatzen dauelako Bizkaiko eta, bereziki, Goi Nerbioiko eta Arratiako bizimodua, ohiturak, etnografia eta mendizaletasuna, ia 60 urteko epe zabalean, 1955etik 2009ra bitartean, gitxi gorabehera, hain zuzen be.

Bildumea 13.868 argazki negatibok osotzen dabe eta jasoten diran gaiak askotarikoak dira. Halan da be, mendizaletasunaren munduagaz zerikusia daben irudiak gailu arren, bestelako irudiak be badagoz, berbarako, ohitura, folklore eta etnografia arlokoak. Ganera, argazkietan bidaiak be protagonista dira eta, besteak beste, epeko paisajeak, gazteluak, ermitak eta zubiak azaltzen dira. Azkenik, familiarteko edukia daben argazkiak agertzen dira.

Negatiborik gehienak Goi Nerbioin eta Arratiako Haranean hartutako argazkienak dira: Orduña, Ugao, Zollo, Gorbeia, Orozko… baina beste leku askotako irudiak be badagoz: El Escorial, Lourdes, Bilbao, Ezkerekotza, Agurain, Gernika, Villanua, Gordexola, Pico del Fraile, Vitoria-Gasteiz, Lekeitio…

Bizkaiko Foru Artxiboaren helburu nagusia da jakintzea sortzeko erdigune izatea. Esangura honetan, funtsen kudeaketa lana bideratzen da ikerlarien eta, orokorrean, gizarte osoaren zeregina errazteko, horren bidez kolektibo legez dogun nortasunean sakondu ahal izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu