Ikerketa soziolinguistiko bat garatzeko baliogarriak izango diran ‘Mingaina dantzan’ udalekuak bisitau ditue

Bizkaie! 2017-07-12 08:46   Kulturea

Eremu soziolinguistiko desbardinetako gazteak batu dira Mundakan eta euren hizkuntza portaerea aztertuko da ekimen honen bitartez.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak Mingaina dantzan udalekuen proiektua bisitau dau bart, Mundakan. Ekimen honi esker eremu soziolinguistiko desbardinetako gazteak batu eta euren arteko alkarbizitzearen testuinguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatuko da. Analisi honen helburua sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertzea da, eta ondorioak baliogarriak izango dira etorkizuneko estrategiak zehazteko orduan.

Eusko Jaurlaritzeagaz lankidetzan, EUDELek eta UEMAk be proiektu hau antolatzen lagundu dabe. Proiektu pilotua da hau, eta lehen esperientzia honetan euskereagaz hartu-emon desbardinak dituen 30 gazte batu dira Mundaka Hostelen. Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernikako gazteak garagarrilaren 3an heldu ziran udalekuetara eta gaur arte izango dira.

Miren Dobaran sailburuordeak proiektuaren gorabeherak zehaztu ditu: Gaztetxuentzako oso proiektu erakargarria landu dogu eta lehen helburua eurek gozau deiela izan da; halan da be, udalekuon berezitasuna da proiektu soziolinguistiko bati lotuta dagozala. Eremu soziolinguistiko desbardinetako gazteak beren-beregi batu doguz leku zoragarri honetan, eta hemen sortzen dan alkarbizitza horren inguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatzen gabiz, azaldu dau. Izan be, sailburuordeak azaldu dauenez, erabilerea sustatzea da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren helburu nagusietakoa: Euskereak milaka eta milaka hiztun irabazi ditu azken urteotan, eta gehienak gazteak dira. Euskereak masa kritikoa irabazi dau eta gaztetu egin da. Euskaldunon areagotze eta gaztetze prozesu horregaz batera, euskaldunon profila aldatu egin da. Hainbat hiztun eremu soziolinguistiko euskaldunetan bizi dira, baina beste askok ez dabe euskerea etxean jaso eta euren inguruan nahi baino aukera gitxiago ditue euskerea erabili ahal izateko.

Ebete enpresea izango da ikerketa soziolinguistikoa egingo dauena, eta honen arduradun Iñaki Eizmendik proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu. Zehaztu dauenez, hiru mailatako tresnak erabilten dabiz udaleku honeetan, ahalik eta era ludikoenean: oinarrizko estrategiak, eusleen kontzeptuari lotutakoak eta erabileran gehien eragiten daben 12 faktore nagusien ingurukoa: Baliabide batzuk lehenengoz garatzen dagoz, eta emoitzak oso positiboak dira. Ikerketa honetatik aterako diran ondorioak oso baliogarriak izango dira etorkizunean, azaldu dau.

Ttakkun Kultura Alkartea arduratu da udalekuen funtzionamenduaz; enpresako arduradunek azaldu dabenez, egitarau erakargarria atondu dabe 12 eta 14 urte bitarteko gazte horreentzat. Aste honetan, ETBko Goazen! telesaileko lagunen bisitea izan dabe gazteek, eta Urdaibai ingurua ezagutzeko aukerea izan dabe egunotan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu