Cristian Villavicencio artisteak ‘Dimensiones paralelas’ erakusketea aurkeztu dau

Bizkaie! 2017-07-07 09:22   Kulturea

Ikuspegiaren kontzeptua aztertzen dau bildumeak eta hilaren 26ra arte egongo da ikusgai BilbaoArten.

Igaz beka bat lortu eban Cristian Villavicenciok BilbaoArten eta orain Dimensiones paralelas erakusketea aurkeztu dau. Honetan, prozedura artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren arteko hartu-emonak aztertu ditu, biologia, historia eta geografia buztarten daben piezak sortuz. Horko emoitzea, batzuetan, behin-behinekoa, aldatu egiten da mikroorganismoen edo airearen eraginez.

Villavicenciok Eskola Politekniko Nazionaleko Zientzia Biologikoen Institutuan lan egiten dau, Ekuadorren eta Espainiako Indiako Artxibo Nagusian. Lan horregaz ikusi dau gero eta ohikoagoa dala artistek zientzia arlora salto egitea; artistea ikertzaile danean, artearen praxien mugak igaroten ditu, diziplinarik bako, beste diziplina batzuk lantzeko. Holan jaio da aurkeztu barri dauen erakusketea.

Bilduman eskulturak, bideoak eta elementu mekanikoak ikusgai dagoz, eta metodo zientifikoa eta praktika artistikoa kontrajarten ditu. Ikuslea espezimen disekatuen eta ilustrazino historikoen aurrean jarten dau, horregaz, sortu diran ikusteko sistemak zeintzuk izan diran galdetzera eroango dau bere burua. Holan, bada, ikerketa biologikoaren historia erregistretako moduaren ganeko kezka bat agertzen da.

Beste alde batetik, artisteak media-art-eko baliabideak erabili ditu ezagutzea, historia, zientzia eta artxiboaren kontzeptuak ulertzeko eta beste modu batzuk topetako. Zooma aplikau deutse animalien azalei, fosilizautako hazurrei edo hatxei, horreek diralako ezezaguna dan horretara heltzeko giltza, hau da, sekula eskuratuko ez dogun memoria batera heltzeko giltza.

Cristian Villaviciencio artistea izateaz gan, ikertzailea be bada eta gaur egun La materialidad en la imagen en movimiento izeneko doktoretza tesia egiten dabil EHUn. Bere lanak pertzepzinorako bide barriak eta mobimentua dauen irudiaren eszenaratzea lantzen ditu, bai eta horrek ikusleagaz dauen loturea be, batez be, ikuspegiaren eta gorputzaren kontzeptuak erabiliz.

Bere lanak Euskal Herriko museoetan egon dira, Montehermoso Kulturunea eta Guggenheim Bilbao Museoa dira horreetako batzuk.  Era berean, Portugal, Austria eta Argentinako galería eta aretoetan be egon dira bere piezak ikusgai.

Kontuak kontu, erakusketea zabalik egongo da BilbaoArten, garagarrilaren 26ra arte, astelehenetik barikura, 17:30etik 20:30era eta sarrera dobakoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu