Euskereak 223.000 hiztun irabazi ditu azken 25 urteotan
2017-07-05 12:47 Euskerea berbagaiEuskerearen eremu osoko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 55,8 euskerearen erabilerea sustatzearen alde dago, % 28,2 ez alde ez kontra eta % 16 kontra.
Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak Baionan gaur izandako prentsaurrekoan emon ditue datuok. Analisi honen arabera, euskerearen eremu osoa kontuan hartuta, 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 euskalduna da, eta % 16,4 euskaldun hartzailea. Orain dala 25 urte egindako lehen Inkesta Soziolinguistikoagaz konparauta, euskereak 223.000 hiztun irabazi ditu. Era berean, galdeketeak argi erakusten dau zelan gaztetu dan euskal hiztunaren profila. Inkesteak hartzen dauen edade-talderik gazteena, 16 eta 24 urte bitartekoa, da euskaldun ehunekorik altuena dauana % 55,4gaz, eta 1991n euskaldunena zanak, 65 urtetik gorakoenak, dau gaur egun euskera gaitasunik apalena % 20,4gaz.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak emon ditu aditzera euskerearen eremu osoko datuak, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Institutuko zuzendari nagusiagaz eta Mathieu Bergé Ipar Euskal Herriko Euskeraren Erakunde Publikoko presidenteagaz batera.
Bost urtetik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa-eremu jasoten ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzearen transmisinoa, euskerearen erabilera hainbat esparrutan: etxean, lagunartean, lanean eta eremu formaletan… eta euskerearen sustapenaren ganeko jarrerea. Emon dituen datuak 2016koak dira eta gaurko prentsaurrekoak 25 urteko bidea aztertzeko aukerea emon dau.
Inkesteak aniztasun handia islatzen dau, izan be, heterogeneotasun handia dago euskerearen eremu osoan. Hortaz, lurraldeen edota edadearen arabera, dinamikak aldatu egiten dira, baina inkestearen emoitzek euskerearen berreskuratze prozesua islatzen dabe argi eta garbi.
Eremuka, EAEn izan da hazkunderik nabarmenena: 16 urte eta gehiagoko biztanleen % 33,9 euskal hiztuna da eta beste % 19,1 euskaldun hartzailea, orain 25 urte baino % 9,8 gehiago.
Edadeari lotutako datuen arabera, euskerearen hazkundea gazteenetatik dabil zabaltzen, eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntzearen bidez edota euskaltegien bidez ikasi dabe euskerea. Hortaz, euskal elebidunen, elebidun orekatuen eta erdal elebidunen pisu erlatiboa aldatu egin da.
Euskerearen erabilerea, beraz, euskerearen bizibarritze prozesuak euskal hiztunen euskeraz berba egiteko erraztasunean eragin dau.
Horrezaz gan, euskeraz erdaraz baino gehiago edota euskeraz erdaraz beste egiten dabenena be igon egin da. % 13,7tik % 16,5era.
Bestalde, euskerea sustatzearen aldeko jarrereak 8 puntuko igoerea izan dau.
Irakaskuntzeari jagokonez, euskerearen eremu osoko biztanleen % 57,6k D eredua nahiko leuke seme-alabentzat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!