Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko erakundeek euskerea sustatzeko hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2017-07-03 12:27   Euskerea berbagai

Akordioaren bidez, hizkuntza politikan lankidetzea bultzatuko da bost esparrutan.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Erakundeakanako Hartu-emonetarako sailburuak eta Mathieu Berge Iparraldeko Euskeraren Bulego Publikoko presidenteak hiru lurraldeetarako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe gaur goizean Nafarroako Jauregian.

Akordioak hiru Euroeskualdeak Nafarroari martitik eskaintzen deutson lankidetza bide horretan sakontzen dau, eta Ollok adierazo dauanez, alkarren lankidetzeari jarraituko deutso bikoiztasunak, beharrezkoak ez diran gastuei aurre egiteko eta eraginkortasunik handiena lortzeko.

Zupiriak bere aldetik, hitzarmena sinatzen daben hiru administrazinoak euskerea berba egiten dan eremuan politika publikoak kudeatzen dituela adierazo dau. Lankidetza hau oso modu naturalean ikusten dauela be aitatu dau, gure hizkuntzearen etorkizuna bermatzeko balioko dau. Lankidetzarako esparru oso zehatzak dagoz, eta hitzarmenak honeetan sakontzea ahalbidetuko dau.

Erq berean, Mathieu Bergék hizkuntza politika mailako lankidetza barria nabarmendu eta azpimarratu dau euskerearen transmisinoa eta erabilerearen sustapenerako ezinbestekoa dala. Azkenik, Europar finantzabideek eta bereziki POCTEFA ekintza programa barriek, hizkuntza politikearen erronkak kontuan hartzearen alde eroan beharreko alkar lana goraipatu dau.

Dokumentuak ez dau ekarriko ezelako betebehar ekonomikorik eta lankidetza teknikoko bost esparru ezartzen ditu. Helduetzako euskerearen hezkuntzea eta irakaskuntzeari jagokonez, besteak beste, honeek sustatuko dira: irakasleen eta ikasleen mobikortasuna eta trukatzeak, helduentzako irakaskuntza-curriculuma garatzea eta irakasleen berariazko prestakuntzea.

Hiru lurraldeak hizkuntza-gaitasun mailak ebaluetako probak eta sistemak be atonduko ditue. Horrezaz gan, hirurek emondako tituluak alkarri aintzatetsiko deutsiez. Bestalde, eskola-esparrutik kanpo, neska-mutilentzako aisialdi-jarduerak eta trukeak sustatuko dira euskerearen erabilerea bultzatzeko. Ganera, hiru alderdiek ingurune digitalean dagozan informazinoak trukatuko ditue.

Hitzarmenak euskerearen eta gogoeta-eremuen sustapena be hartzen dau, hiru alderdiek koordinautako sustapen-programen bidez eta gogoetea egiteko eta ezagutzak konpartixuteko eremuak sortuz. Hitzarmenaren bidez, egindako ikerketa soziolinguistikoen barruan lortutako eta batutako datuak be bateratuko ditue. Bestalde, beste ikerketa-bide batzuk proponiduko ditue euskerearen egoerea zein dan jakiteko. Azkenik, harreman estua be aurreikusten dau hitzarmenak, Europako finantzazinoek eta POCTEFA programa barriek hizkuntza-politikearen erronkak kontuan har dagiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu