Euskerazko publizidadea sarituko dau Tokikomek

Bizkaie! 2017-07-03 11:41   Euskerea berbagai

Euskal komunikazinoaren balioa aldarrikatu eta gizarteratzea da helburua.

Igazko sarituak (argazkia: Tokikom) | Ikusi handiago | Argazki originala

Igazko edizinoak izan eban erantzuna ikusita, Tokiko Komunikabideen Bateraguneak Tokikom Sariak antolatu ditu bigarrenez.

Toki komunikabideek ekarpen handia egiten deutsie komunidadeari, ikuspuntu informatibotik zein eskualdeko dinamizazinoaren ikuspegitik. Halan da be, honeek bigarren mailakotzat joten dira askotan, eta produziduten daben edukia oso ezezaguna da hareen eragin esparrutik kanpo. Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko asmoz, Tokikom sariak antolatu zituen 2016ko zemendian, Arrasaten.

Guztira, 114 lan aurkeztu zituen sariketara, eta irabazleek oso argi laga eben baliabide gitxigaz be kazetaritzan lan ederrak egin leitekezala. Euskerazko publizidadearen balioa aldarrikatzea ideak harrera bikaina izan ebanez, aurten errepetiduteaz gan, osotzea erabagi dau Bateraguneak. Holan, azken urtean argitaratutako lanak ez eze, euskal hedabideetan plazaratutako euskera hutsezko publizidade kanpainarik onena be sarituko da.

Autortza honeen bidez, komunikabideotan egiten dan lana ezagutarazo eta berbabide bihurtu nahi dau Tokikomek. Arduradunek azaldu dabenez, publizidade sariak euskerak berak zein euskerazko komunikabide sareak publizidade euskarri legez daben balioa aldarrikatu nahi dau, mundu horretako eragileak gugana hurreratu eta alkar ezagutzeko aukereagaz bat eginez.

Aitaturiko autortzeaz gan, beste hiru sari banatuko ditue Tokikomekoek: azken urtebetean argitaratutako lanen artean: portadarik, edukirik, eta ikus-entzunezkorik onena.

Lanak aurkezteko epea irailaren 22ra arte egongo da zabalik. Proposamenak edonork egin leikez, aurkeztutako lanen egilea izan edo ez. Sariketearen oinarriak webgunean dagoz eskuragai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu