Baserriko zenbait lanabesen izenak batu ditu Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren VIII. liburukiak

Bizkaie! 2017-07-03 08:35   Euskerea berbagai

Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu.

Adolfo Arejita, Xabier Egibar, Andres Urrutia, Yves Ugalde eta Xarles Videgain | Ikusi handiago | Argazki originala

250 mapaz osotutako liburuki barrian lexikoa da landutako arloa eta zenbait esparrutako berbak eta esamoldeak jaso ditue. Baserriko lanabes batzuen izenak (sega-potoak, eskuareak, segak...), eta arlo bat baino gehiagotako prozesu eta langintzei buruzko informazioa be agiri da (ardaogintzea, ogia eta bizkotxoa, lixiba, artilea eta lihoa...).

Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu, eta argitaraturiko liburuki guztiak (oraingoz, zortzi) konsultau daitekez Euskaltzaindiaren webgunean, 6. liburukiko audioakaz batera.

Adolfo Arejita (EHHAko zuzendaria): Atlasaren balioa datza, besteak beste, erreferentziazko eduki bihurtu dala egungo eta geroko belaunaldiei buruz. Gure aurreko euskaldun izan diranen ondare bizia dogu Atlasa, irakaskuntzan, aisialdian, zein bestelako euskera bizibarritzeko ariketa eta jardueretan lagungarri eta osogarri gertatuko dana.

Xabier Egibar (Laboral Kutxa Negozio Garapenerako zuzendaria): Ohore bat da niretzat liburuki barri honen aurkezpenean egotea, hamabitik zortzigarrena dana, duda barik Euskerearen Herri Hizkeren Atlasari ikuspen handiagoa emongo deutsona. Honelako proiektu bat borondate askori esker egiten da, eta, hain zuzen, Laboral Kutxaren betiko borondatea izan da ondare hau berreskuratu eta belaunaldi barrien eskura jartea.

X. Egibar: Atlas honen balioa ez da bakarrik linguistikoa, gure arbasoen ekandu eta bizitea ezagutzeko aukera aparta emoten deuskulako; esangura horretan, ezaugarri linguistikoei etnografikoak gehitzen jakez.

Andres Urrutia (euskaltzainburua): Ipar Euskal Herrian aurkeztu da lehenengoz lan dialektologiko indartsuenaren ale barria, eta horrek erakusten dau euskerearen batasuna Euskal Herri osoan, eta erakusten dau, baita, batasun horrek aniztasunean daukala oinarria.


Izan be, Baionan aurkeztu dabe Euskerearen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) zortzigarren liburukia, eta horregaz batera argitaratu dan CDa. Aurrekoak lez, Laboral Kutxaren babesagaz argitaratu dau Euskaltzaindiak lan mardul bezain aberatsa.

Liburuki barriaren lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu dira. Adolfo Arejita egitasmoaren zuzendari akademikoak azaldu dauen legez, Atlas honen gai esparrua tradizinoko munduari eta bizimoduari jagoko bete-betean, eta liburuki honen edukiak be mundu aberats horretan sartzen gaitu lehen partean, berorren esparru batzuetan.

Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osogarriak, sukaldeko ontzi eta tresnak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko be landu dira liburuan.

Liburukiaren bigarren partean, gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi (batez be, sintaxiari jagokozanak) landu ditue.


Sareko bersinoa eta soinuak

Oraingoz, EHHAren zortzi liburuki kaleratu dira, eta guztiak dagoz konsultagai, PDF formatuan, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.eus). Horrezaz gan, V. liburukia ikusgai eta entzungai dago webgunean: batetik, liburukiaren testu osoa PDF formatuan irakur daiteke, osorik; eta, bestetik, lekukoek emondako erantzunak entzun daitekez.


145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

Euskerearen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu. Egitasmoa 1984an jarri zan abian, galdeketa puntuen sarea, galde-sorta eta lan metodologia finkatu ziralarik. Galde-sorta horrek hizkuntzearen datu guztiak batzen ditu: lexikoa, fonetikea, morfologia eta sintaxia. Datuak batzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu zituen; 145 herri horreetan eginiko inkestakaz 2.400 zinta grabau ziran. Euskaltzaindiak batuta dituan grabazinoak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

- 2010ean kaleratu zituen I. eta II. liburukiak. Lehenak honako gaiak jorratzen ditu: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, edurra eta hotza.

- Bigarren liburukian aztertu eta landu zituen esparruak hiru dira: denpora kronologikoa, topografia eta landaretzearen lehen atala. Denporarenean, esaterako: astegunak, hilebeteak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakotxaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denpora-unidadeak be.

- Hirugarren liburukian (2011) tradizinoko bizimodu eta ingurumenaren inguruko gai edo kontzeptuak landu zituen: batetik, lurra, euskal gizakia bizi dan lurra; lur horretan erne diran bear, landare, zuhaixka eta zuhaitzak; lurrak berez edo gizakiaren eraginez emoten dituan uztak; eta bestetik, euskal gizakiagaz belaunez belaun bizikidetza estuan bizi izan diran animaliak, euren parte esanguratsuak eta euren inguruko prozesuak.

- Laugarren liburukian (2012) kontzeptu ugari batu eta landu zituen, eremu biren inguruan: etxe-abereak eta etxea bera. Liburukiaren lehen partea hainbat etxe-abereri eskainia dago (txerriak, hegaztiak, txakurrak, erleak) eta bigarren partea, batez be, etxearen esparruari jagoko.

- Bosgarren liburukian (2013) izenaren morfologia landu zan. Parterik handiena deklinabideak hartu eban.

- Seigarrenak, (2015) aditz morfologia jaso eban; gehien erabilten diran aditzaren forma jokatuak aztertu zituen.

- Zazpigarren liburukiaren (2016) lehen atalean baserriaren, etxearen, lur lantzearen, goldearen eta garraioaren eta inguruko edo etxeko zenbait kontzeptu landu ditue. Liburua baserri-etxe bateko sukaldetik abiatzen da eta horren osogarriak, etxe inguruko edo etxeko zenbait elementu edo toki garrantzitsu, sukaldeko tresneria edota ontzi eta tresnak, jorratzen ditu. Laborantzako lanabes asko be landu dira liburu honetan. Liburukiaren bigarren partean, gramatika kategoria oinarrizko batzuk eta aditzaren inguruko zenbait alderdi, batez be sintaxiari jagokozanak, landu ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu