Miren Narbaiza: ‘Gustauko litxakit jenteak gauza barriak ikusteko gogoa izatea’

Ainhoa Lores 2017-07-03 08:00   Barriketan

Abeslaria eta musikaria

Orain dala aste batzuk Napoka Iriaren ibilbidea amaitutzat emon eban taldeak. Miren Narbaizak eta Ander Mujikak osoturiko bikoa beste proiektu batzuetan dabil orain, baina alkarregandik hur.

Bikoteak azken kontzertu bategaz agurtu nahi ditu zaleak. Datorren zapatuan izango da, hilaren 7an, Eibarko Coliseo antzokian. Egun honeetan, buru-belarri dabiz entseguetan. Urte biko isilunearen ondoren, zuzenekoan izan ziranaren islea izatea nahi dabe.


1.- Zergaitik hartu dozue banatzeko erabagia?

Jada pasauta egoan garai bat legez ikusten genduan. Hamar urte topera ibili eta gero, urte biko etenaldia egin genduan eta bueltatzerakoan geure burua beste posizino baten egoala ikusi genduan, beste proiektu batzuetan.

Orduan, dramatismo justua emonda, guretzako momento honetan naturalena amaitzea izan da. Banatu ez garelako egingo, beste hainbat lekutan alkarregaz joten jarraitzen dogulako.

Orain Napoka Iriaren ibilbidea amaitzea da toketan dana eta hori da egingo doguna.


2.- Orduan, alkarregaz jarraitzea da zuen asmoa, baina beste proiektu batzuetan...

Joseba B. Lenoir Gang taldean alkarregaz joten dogu, Ardoa eta Odola izeneko ikuskizunean be batera egon gara. Musikeak halabeharrez alkartu egin gaitu eta guk alkarregaz joten disfrutetan dogu.


3.- Zuen inguruak zelan hartu dau erabagia?

Danetik egon da. Penaz hartu dabe batzuek, harriduraz, ausardia ikusten deutsie hartutako erabagiari beste hainbatek. Gauzak amaitu egiten dira eta horri balioa emoten deutsie. Gizarte honetan gauzen amaiereari askotan bildurra izaten deutsagula aitatu dau batek baino gehiagok eta esangura horretan ondo hartu dabe. Asko pozik dagoz erabagiagaz kontzertua emongo dogulako eta ez dalako izango agur bako amaiera bat.


4.- Atsedena hartzeko erabagia be, momenturik gorenean hartu zenduen. Zergaitik?

Ez dakit guk holan bizi izan bagenduan, momenturik onena baino, matraka handia bizi izan genduan sasoi haretan. Intensidade handiko denporaldi luze bat izan zan. Bidaia luze bat amaiera intensoa izan dauena eta horrek halabeharrez haizea edo arnasea hartzera eroan gaitu. Energia asko jarri eta gero, logikoa danez, eten bat beharrezkoa da.


5.- Musikara dedikatzen ziniela dinozue. Garai haretan Napoka Iria zan zuen proiektu bakarra. Zertan zabize orain?

Anderrek Anarigaz daroa denporalditxu bat, Jabier Muguruzagaz be disko barria prestatzen dabil, berak hartu dau moldaketen ardurea eta oso pozik dago. Horrezaz gan, hainbat taldegaz kontratazino eta tekniko lanak egiten ditu. Eszenatoki ganean eta behean dabil.

Ni nire aldetik, Perlak eta Dual Split taldeetan ibili naz urte bi honeetan. Horrezan gan, Joseba B. Lenoir-gaz, Drumkopters zarauztarrakaz be egon naz lanean eta orain, Mice izeneko bakarkako diskoa prestatzen nabil.


6.- Ez zarie gelditu beraz. Esangura horretan, zelan dago panoramea Euskal Herrian? Musikatik ondo bizi daitekela uste dozu?

Lana ez da falta dana, baldintzak hobetzea baino. Lan piloa dago. Mobimentu handia dagoelako gogoetea nahiko orokortua dago nire ustez. Baina kontzertuak ikustera joateko jentea etxetik ateratzea falta da adibidez. Bestalde, badirudi kultureak berak balio apur bat galdu dauela.

Gaur egungo berehalakotasun horregaitik be momentu on askok hegaz egin dabe. Jenteak ganera, ez dau esperimentetako gogorik, ezta talde ezezagunak ikustera joaten. Begitantzen jat, zuzenekoak eskainitako hainbat gauzak ez ete daben dagoeneko harritzeko gaitasun hori galdu.

Ezaguna dana ikustera joaten gara, gustetan jakuna barriro ikustera. Niri gustauko litxakit jenteak gauza barriak ikusteko gogoa izatea.


7.- Zer emon deutsu Napoka Iriak?

Esperientzia handia, jente eta leku piloa ezagutzeko bide bat, lagunak eta orokorrean musikearen mundua ezagutzeko eta bidaiatzeko aukerea.


8.- Hasi zinienetik zelako garapena izan dau Napoka Iriak?

Hasieran nahiko soil, gitarrea eta ahotsagaz bakarrik eta pixkanaka hainbat gauza egiten joan gara. Olgetako gogoa izan dogu beti eta momentuan eskatu euskuena egin dogu: instrumentuak gehitu, jenteagaz kolaborazinoak egin, zuzeneko lan bat zein estudioan lan egin. Uste dot esperimentetan edo hara eta hona egin dogula aurrera eta esan leike hor egon dala eboluzinoa. Gauzak zelan egin ez euskun ardura hasieran baina gero jaubetu gara hori sano inportantea dala eta hori estudioan egindako lanetan ikusi daiteke.


9.- EITBko Tumatxak musika saioan be ibili zinien joten.
Zelako esperientzia izan zan?

Guk telebistea barrutik ez genduan ezagutu. Euskal kantuen bersinoak egitea eskatu euskuen. Oso ondo egon zan. Kantak desitxuratzeko sormen lan oso inportantea izan zan eta beste alde batetik, telebistan agertzeko aukereak hainbat personakana heltzeko balio izan deusku.


10.- Egia da abesti desitxuratuak joten zenduezala. Zuen kasua eta Joseba Irazokirena batez be nabarmena izan zan. Holan egiteko eskatu eutsuen?

Eurek bersinoak egitea eskatu euskuen. Bersinoak eskatzen diranean jenteak abestia dan moduan joteko ohiturea izaten dau eta instrumentazinoa eta ahotsa aldatzen danez, bersinoa dala emoten dau. Nik uste dot desitxuratzea edo kantua bera beste ikuspuntu batetik ikustea be badala bersino bat egitea. Izan leike zatiak, letrak… aldatuta. Kantu mueta hau originalari oso fidela izan leiteke edo ez. Hor norberak jarten dau baremoa. Guri aldatzea eta disfrutetea gustetan jaku.


11.- Datorren zapatuan, hilaren  7an, emongo dozue azken kontzertua. Zelakoa izango da?

Gure ibilbideko kantuak joko doguz. Hainbat lagun igongo dira gugaz oholtzara eta hori izango da berezitasun nagusia. Izan danaren isla izatea nahi dogu.


12.- Etorkizunari begira zein da zuen asmoa?

Datorrenaren arabera ikusiko da nondik nora joko dogun. Baina nik uste dot biok ibiliko garela alkarregandik nahiko hur eta musikearen mundu honetan. Momentuan momentukoa eta gustura egin daigun egiten gabizana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu