Barakaldoko dendetan euskerearen erabilerea bultzatzeko kanpainea hasi dabe
2017-06-30 08:36 Euskerea berbagaiMugi zaitez euskararen alde! egitasmoagaz bat egin dabe herriko hogei bat establezimenduk.
Barakaldoko gero eta denda gehiagotan euskeraz berba egiten dabe edo, behinik behin, euskerazko kartelak ipinteko ahalegina egiten dabe. Kontsumitzaileek establezimendu horreetan euskerea erabili leikiela adierazoteko, binilozko oharrak ipini ditue erakusleihoetan. Modu horretara, Barakaldoko merkataritzan eta ostalaritzan euskerearen erabilerea handitu nahi dabe.
Barakaldoko Udaleko Euskera Sailak azaldu dauenez, hiru klasetako biniloak sortu ditue. Lehenengoak Hemen kartelak euskaraz dino eta erosleari adierazoten deutso informazinoa euskeraz topauko dauela bertan. Bigarren binilo klaseak Zuk egin euskaraz, ni saiatuko naiz dino; kasu horretan, dendariak ez daki ondo euskeraz, baina kontsumitzaileen galderei erantzuteko nahikoa bai. Hirugarren biniloan, Hemen euskaraz dakar eta berau daukien establezimenduetan arreta guztia euskeraz emoten dabe.
Barakaldoko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, Udalak hiru konpromiso maila horreek ezarri nahi izan ditu: Oraindino barakaldar askok euskeraz ez dakienez, kartelak euskeraz daukiezanak eta hizkuntzea ulertzen dabenak be kanpainan sartu nahi izan ditue, arreta guztia euskeraz emoten dabenakaz batera.
Orain dala hiru hile inguru hasi zan Udala Mugi zaitez euskararen alde! kanpainea lantzen. Herriko dendarien eta ostalarien artean egitasmoa azaldu eta gero, hogei inguruk bat egin dabe eta dagoeneko hasi dira biniloak erakusleihoan ipinten. Euskeraz berba egin leikien lekuen barri emonda, herritarrak euskerea gehiago erabiltera animauko diralakoan dago Nerea Cantero zinegotzia. Biniloei esker, bezeroek berehala jakingo dabe euskerea ze mailatan erabili leikien leku bakotxean, zehaztu dau Canterok.
Euskerea merkataritzan zabaltzeko konpromisoa hartu dabe hainbat dendak. Ganera, kartelak euskeraz ipini ahal izan deiezan, dobako itzulpen zerbitzua eskaintzen deutse Udalak. Barakaldon ere erosketak euskaraz izenburuko bideoa plazaratu dabe, kanpainearen nondik norakoak gizarteratzeko (ikusi hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!