Hizkuntza eskubideen inguruko 452 kexa jaso zituan igaz Elebidek

Bizkaie! 2017-06-28 09:52   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzeak emondako datuen arabera, 2015ean baino kexa gitxiago ipini zituen herritarrek 2016an.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren, Elebideren, 2016ko memoriaren barri emon dau Jaurlaritzeak. Txostenaren arabera, igaz 544 ikexa erregistrau ziran eta horreetatik 452 (hau da, % 83) hizkuntza eskubideak urratu eutsiezela salatu eben herritarrenak izan ziran. 2015ean, 470 kexa egon ziran eta, beraz, beherakada txikia egon da urte batetik bestera.

Ganerako kexen artean, 66 eskari, 19 konsulta eta zazpi iradokizun erregistrau ziran. Kexei jagokenez, gehien-gehienak euskerea erabilteko trabei lotuta egon ziran, baina zortzi kasutan gaztelania erabilteko eskubidearen ingurukoak izan ziran. Azken horreen artean, gitxienez hiru kasutan Elebidek erabagi dau ez dala eskubiderik urratu.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeroaileak adierazo dauenez, txostenak argi erakusten dau oraindino be euskereari jagokozala hizkuntza eskubideen urraketak. Ganera, euskerea ezin erabiltearen ganeko kexa gehienak arlo publikoan izan zirala azaldu dau, beraz administrazinoek badaukie zeresana. Esaterako, 34 kexa Jaurlaritzearen kontrakoak izan ziran eta beste 241, Jaurlaritzearen menpeko erakundeen kontrakoak.

Foru Aldundien artean, Bizkaikoa izan da, modu nabarmenean, jomuga nagusia. Hizkuntza eskubideei lotutako 23 kexa ipini deutsiez Bizkaiko diputazinoari, Arabakoari bi eta Gipuzkoakoari bakarra.

Erkorekak azaldu dauenez, jasotako 544 kexa guztietatik 484 zarratuta dagoz dagoeneko. Hau da, informazinoa emonda dago eta espedientea ebatzita. Hiru urtenbide dagoz: Kexan jasotakoa konpontzea, konponbiderik ezin topetea eta legearen arabera urraketarik ez dala egon esatea. Igaz, kasu gehienei konponbidea topau jaken.

Elebide zerbitzua 2008an sortu eban Jaurlaritzeak, hizkuntza eskubideen urraketen ganeko kexak eta eskariak bideratzeko. 2016ko txostena ikusi hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu