Txema Uriarte: 'Binetagileek umorea erabili eben errealidadea azaltzeko'
2017-06-26 08:22 BarriketanHistorialaria.
Francoren aldeko faxistak Bilbon sartu zirala 80 urte bete dirala eta, erakusketa berezia antolatu dau Udalak Zabalguneko eraikinean. Gerra garaiko umorea izenburupean, sasoi haretako egunkarietan argitaratutako binetak erakusten ditue. Marrazkilarien zorroztasunari esker, orduko giroa beste ikuspuntu batetik ezagutu leikie bisitariek. Aline Soberonegaz batera, Txema Uriarte da erakusketako komisarioa eta binetek gerra sasoian izan eben eragin sozialaren barri emon deusku.
1.- Prentsako marrazkilariek zenbaterainoko garrantzia izan eben Gerra aurreko eta bitarteko giroan?
Gerrearen aurretik egunkari batzuek, adibidez La Gacetak, lantzean behin marrazkiren bat ateratzen eben, baina ez zan sasoi oparoa izan. Egunkari gehienak nahiko moderaduak ziran eta normalean ez eben binetarik erabilten. Batez be, gerra garaian agertu ziran egunkariek erabili zituen binetak, komunikazinorako tresna legez. CNT del Norte, La Lucha de Clases, Tierra Vasca, Lan Deia eta halakoak sortu ziran 1936ko abenduan eta 1937an eta hor bai, garrantzi handia emon eutsien binetei. Lehenengo edo azken orrialdean agertzen ziran marrazkiak, beti leku esanguratsu baten. Askotan editoriala idazten zan egunkarian eta bineta bat gehitzen jakon alboan, testuan esandakoa modu grafikoan azaltzeko. Beste batzuetan, binetea bera zan editoriala. Ideak transmitidu edo sozializetako tresna garrantzitsuak ziran.
2.- Jenteak gogoz hartzen zituan binetak?
Uste dot baietz, ze egunkariek behin eta barriro argitaratzen zituen marrazkiak, batzuetan egunero eta, kasuren baten, egunean bi. Horrek esan nahi dau arrakasta handia eukiela. Egunkari bakotxak bere marrazkigileak zituan. Kontuan izan behar da, bineteak errazago pasetan dauela zentsurea, informazino zehatzik ez dagoalako.
3.- Zeintzuk ziran gerra sasoiko bineten ezaugarriak?
Alde artistikoari jagokonez, nik uste dot binetagileok Europako korronte artistikoak ezagutzen zituela: Kubismoa, puntillismoa... maisutasun handiz marrazten eben, ez dira irudi sinpleak edo inuxenteak. Teknika artistikoak ederto erabilten zituen. Bestetik, arlo politikoan, batez be ezkerreko egunkarietan agertu ziran binetak. Sozialistak, komunistak, sindikalistak be bai, ze Lan Deian, sindikalista kristinauen egunkarian, egoten ziran.
4.- Gerra aurreko giroan hasita eta gerrea amaitu arte, binetetan garapenik edo aldaketarik igarten da?
Ez askorik, egia esan, izan be, binetak ikusi eta irakurrita ezin da jakin gerrea zelan doan. Gerrearen nondik norakoa azaldu baino, eretxia emoten dabe jazoera jakin batzuen ganean, adibidez bonbardaketen ganean. Gerreak aurrera egin ahala, baekien kontua txarto joiala, baina ez eben hori adierazo nahi, binetak gehiago erabiliko ditue jenteari animoa emoteko, irabazteko danen arteko batasuna ezinbestekoa dala esateko eta abar. Ganera, arerioa kritiketako be baziran marrazkiak.
5.- Bilbon atondu dozuen erakusketearen ardatza binetak dira, baina informazino osogarria be badago, ezta?
Gitxi gorabehera 70 bineta dagoz eta, ganera, beste hogei agiri inguru. Binetak eurak be dokumentu historikoak dira, pasetan dana da, gaiaren inguruko informazino gehiago emoteko, beste elementu batzuk sartu doguzala: artikuluak, sasoi haretako titularren errekorteak, iragarkiak... orduko egoerea zelakoa zan agertzen da. Esaterako, Bilboko auzo bakotxean bonbardaketetatik babesteko aterpeak non egozan iragarten dauen zerrendea ipini dogu. Gure idea nagusia izan da garaiko giroa zelakoa zan adierazotea ahalik eta modu osoenean.
6.- Erakusketearen aurretik ikerlan sakona egin dozue Aline Soberonek eta zuk. Nondik nora ibili zarie?
Lehenik eta behin, gai hau zeharka agertu jakun. Hemerotekan lanean genbilzan, historiagileak gara eta memoriaren inguruko zereginetan sartu ginan. Hemerotekan gengozala, behin eta barriro ikusten genduan prentsan binetak egozala, batzuk oso onak ziran eta balio historikoa eukien. Beraz, nik neuk behinik behin, denporatxu bat neroian idea honi bueltak emoten, baina gatxa da gauzatzea. Alinek eta biok lantaldea osotu genduanean, orduan hasi zan benetan martxea hartzen. Modu sistematikoan ibili gara binetak topetan, sailkatzen... 600-700 marrazki batu eta batzuk aukeratu behar izan doguz. Kalidadeari begiratu deutsagu aukeratzeko, besteak beste.
7.- Gerra Zibilaren gaia bineten bidez landu dozuen lehenengoak zarie?
Guk dakigula, geu gara lehenengoak. Sarritan, hori bai, gaur egungo marrazkigileek historiaren erreprodukzinoak egin izan ditue, modu grafikoan. Orain sortutako marrazkien bidez kontau dabe historia. Gure lanaren ezaugarririk interesgarriena da, momentu haretan egindako marrazkiak batu doguzala. Horregaitik, binetak ez eze, dokumentu historikoak be badira. Erakusketan datu batzuk emon doguz geuk, kontestua azaltzeko, baina ahalik eta gehien errespetau dogu orduko sortzaileen ikuspegia.
8.- Binetek emoten daben umore ikutuak ze ekarpen dakar gerra giro ilunean?
Batzuetan uste dogu, gerran, une guztiak tragikoak dirala. Baina bizi izateko, ezinbestekoa da sufrimendua ez diran beste egoera batzuk be lantzea: Gogoetea, maitasuna... baita umorea be. Gerra giroan oso inportantea da umorea eta nik uste dot orduko marrazkilariek hori ondo gogoan euki ebela. Jazoera lazgarriak kontetako baegozan kazetariak eta halakoak. Horregaitik, beste ikuspuntu bat emoten ahalegindu ziran, satirikoa, umorearen tresnak erabilten ditue errealidadea azaltzeko. Jenteak asko eskertzen eban hori, eta beharbada gaur egunetik begiratuta harrigarria da. Uste dogu dana zala sufrimendua eta egia da asko sufridu ebela gerreagaitik, baina aldi berean, jenteak bizi egin behar eban. Bizitzearen tragikomedia kontzeptu klasikoa da, sarri aitatzen da, nik uste dot gerra sasoian puntu gorenera heltzen dala kontraste hori.
9.- Memoria historikoa berreskuratzeko ahalegin handiak egiten hasi dira gaur egun. Erakusketea be ekarpena da iragana ez ahazteko ahalegin horretan?
Bai, eta ganera jenteak espero ez dauen alde batetik heldu deutsagu gerrearen gaiari. Horrek asko laguntzen dau, beste ikuspegi bat gehitzen dalako. Azken finean, memoria ez da bakarrik zenbat hildako, tiro, kasko, tanke egon ziran. Horren atzean egoan jenteak hori guztia zelan bizi eban eta zelan kontetan eban ikustea interesgarria da. Bineta honeen bidez ezin hobeto azaltzen da hori. Jakina, marrazkien bidez ezin da jakin zenbat hegazkin ibili ziran Bilboren ganean edo zenbat barku egozan itsas blokeoan edo halakoak, baina ikuspegi ideologikoa garbi ikusten da. Hau da, jenteak zergaitik burrukatzen eban, zergaitik emon eban bizia. Sasoi haretako kontuetan sakondu nahi dauen edozeinek hau ikusi behar leuke, marrazki bakotxak asko transmitiduten dau.
10.- Erakusketako marrazkilari gehienak ezezagunak dira gaur egun, ia ez dakigu ezer hareen ganean, gehienek desizenagaz sinatu ebelako. Horren kontura, dei egin deutsazue jenteari, laguntza eske.
Hasikeratik izan dogu arazo bat: Izenak euki badoguz, Ugalde, Merikaetxebarria, Argüelles eta abar. Baina gero bazoaz unibersidadera edo kazetaritzearen inguruko ikerlanetara, eta horreek izenak ez dira agertzen. Bazoaz Arte Eder Museoan kartelgintzearen ganean egin daben lanera, eta bakar bat agertzen da. Eta 30 marrazkilari baino gehiago dira! Izenak, edo kasu askotan desizenak, ezagutu arren, ez dakigu nortzuk diran. Gure hasikerako asmoa zan historia bineten bidez kontetea, baina honetan sakondu ahala konturatu ginan historia hori herren geratuko zala persona hareek nortzuk ziren jakin barik, zer egiten eben, zer pentsetan eben, nondik nora ibili ziran. Gure hurrengo lana binetagile horreekana hurreratzea da. Beraz, baten batek zeozer esan ahal badeusku marrazkilarion ganean, deialdi publikoa egin dogu. Informazinoa euki leikie batzuek, marrazkilarietako bat euren aitita zalako edo dana dalakoagaitik, edozein informazino baliokoa izango da. Esperantza handia dogu, sakondu ahal izango dogula persona hareen bizitzetan. Hor asko dago ikertzeko, uste dogu marrazkilari horreetako bat edo bi frontean egon zirala, handik bialtzen zituela binetak. Baina ez dakigu oso ondo, oraingoz hipotesiak baino ez daukaguz. Badakigu batek kartelak marrazten zituala, behin kartel lehiaketa bat irabazi ebalako.
11.- Ganera, omenaldia egiteko modua be bada artista hareen nondik norakoak argitara ekartea.
Jakina, ze konturatzen bazara, sasoi haren ganean ahazturea baino ez dago. Edozein herritara joan eta ahaztuta dago dana. Galdetzen dozu ia non egoan ekonomatoa, ze gerran herri guztietan egoten zan bat, eta jenteak ez daki. Halako gauzetan ibili zan jentearen ganeko informazinoa urria da. Normala danez, goitik hasi nahi dogu dana aztertzen: Gobernuak, alkateak... horreen ganean badakiguz gauzak, baina jente normalaren ganean idearik be ez daukagu. Gerrearen lerro nagusiak ezagutzeko lan handia egin da baina jentearen bizimoduaz gitxi dakigu. Binetagileak be ahaztuta dagoz, ez dira egunkarietako zuzendari edo editorialgile famatuak. Erredakzinoko beharginen inguruan gauza bera, ia ez dakigu ezer.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!