Amazoniara joango dira Iker eta Eneko Pou
2017-06-22 09:35 Euskaldunak munduanManu Ponce eta Pedro Galán kideakaz batera, sekula eskalau bako horma bat igoten ahaleginduko dira.
Goi mendiko espedizinoetan eta leku hotzetan ibili izan dira Pou anaiak sarri baina, oraingo honetan, bestelako giro baten ekin beharko deutsie lanari: Amazoniako oihanaren erdian, ingurune beroan. Hortaz, han topauko dituen arriskuak be barriak dira: sugeak, eltxoak, gaixotasunak... Eskaladearen beraren zailtasunez gan, beraz, Amazoniako elementu horreek be kontuan izan beharko ditue.
Informazino gitxi daukie Pou anaiek igon beharreko hormearen inguruan. Orain arte inork ez dau eskalau eta ez dakie zelako lekua dan. Horman landara gehiegi dagoan edo abiapuntura heltzeko bidea erraza dan ez dakie, esaterako. Horregaitik, edozein baldintzari aurre egiteko materiala daroe Hego Amerikara, tartean horman zintzilik lo egiteko hamaka bereziak.
Iker eta Eneko Pou, Manu Ponce eta Pedro Galán eskalatzaileakaz batera, Lina Schuetze eta Luis Rizo be espedizinoko kideak izango dira. Argazkiak aterateaz eta bideoak grabeteaz arduratuko dira, izan be, espedizinoaren inguruko dokumentala egitea da asmoa.
Bagilaren 24an urtengo dabe Pou anaiek Madrilgo aireportutik, Peruko uriburu Limara bidean. Handik autobus bidaia luzea egin beharko dabe Amazoniako basoaren bihotzera. Eskaladea garagarrilean egiteko asmoa daukie.
Lau elementu proiektuaren barruan dago Amazoniako abenturea. Iker eta Eneko Pou anaia arabarren helburua da, naturako lau elementuetako bakotxagaz lotutako beste horrenbeste eskalada egitea munduan zehar. Eskalada librea eta abenturea buztartuta, bide barriak zabaltzen dabiz proiektu horri esker. Esaterako, aireari jagokon eskaladea urtarrilean egin eben, Patagonian Aupa 40! bidea zabalduta. Amazoniakoa uragaz lotutako espedizinoa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!