Euskerea bultzatzeko Nafarroagaz eta Iparraldeagaz lan egingo dau Jaurlaritzeak
2017-06-21 09:58 Euskerea berbagaiHiru erakundeen arteko ituna onartu dau Gobernu Kontseiluak, Euskadi 2020 programako konpromisoetako bati kasu eginaz.
Gobernu Batzordeak onartu egin dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Euskarabidea-Euskerearen Nafar Institutuaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko akordio proposamena. Hitzarmen horren helburua euskerea sustatzea izango da eta lehen aldiz hiru erakundeen arteko era horretako akordio bat sinatuko da.
Joan dan astean, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak antolatuta, jardunaldi baten parte hartu eben hiru erakundeetako hizkuntza politikako arduradun nagusiek, Bilbon. Hain zuzen be, euskerea bultzatzeko Euskal Herriko lurralde guztietan eragina izango dauen alkarlanerako asmoa agertu eben. Bertan aurreratu eben lankidetza hitzarmena adosteko bidean zirala. Gobernu Kontseiluan asteon hartutako erabagiagaz, hitzarmen horretara batzeko pausu erabagigarria egin dau Jaurlaritzeak.
2016-2020 legealdirako onartutako Euskadi 2020 gobernu programeak 119. konpromisoan jasoten dau euskerearen hiru lurraldeen erakundeen arteko lankidetzea antolatu eta indartuko dala. Hizkuntza politikearen inguruko hiru administrazinoen arteko hartu-emona ez da barria eta binakako hitzarmenak egon dira aurretik be (adibidez Jaurlaritzeak Euskarabideagaz sinatutakoa). Baina hiruren arteko hitzarmen bat lehenengoz egingo da.
Jaurlaritzearen esanetan, lankidetzan sakontzeko asmoz egin dabe pausua. Akordioak ez dauka eduki ekonomikorik, baina alkarlanerako oinarriak, esparruak eta ekimen zehatzak ezarri dira.
Gobernu Kontseiluan onartutako akordio proposamenak bost alorretan eragingo dau: hezkuntzea eta hizkuntza gaitasuna; euskerearen erabilerea; gogoeta esparruak eta mintegiak; ikerketa soziolinguistikoa eta corpusa; eta, azkenik, Europako markoan hizkuntza politikea garatzeko bideak jorratzea. Arlo honeetan guztietan alkarlanean lan egiteko neurriak aitatzen dira. Hitzarmen markoaren detaile guztiak hurrengo asteetan aurkeztuko dira. Horren aurretik, tramite administratiboak gainditu eta hiru erakundeek akordioa sinatuko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!