Euskerazko ikus-entzunezko proiektuen lehiaketea antolatu dau Athletic Club Fundazinoak

Bizkaie! 2017-06-21 08:31   Zinemea

Loraldiaren laguntzinoagaz antolatutako I. Thinking Football sariketan parte hartzeko epea irailaren 15ean amaituko da.

Futbolaren inguruko euskerazko bideo sormena bultzatzea da lehiaketa barriaren helburu nagusia. Edadez nagusi dan edonork parte hartu leike, banaka zein taldeka. Ikus-entzunezkoa sortzeko egitasmoa idatziz eta euskeraz aurkeztu behar da eta aurretik saritu edo argitaratu bakoa izan behar da.

Bideo sormenerako gaia futbola gogoan da. Beraz, kontzeptu horregaz bat egin behar dabe parte-hartzaileen proposamenek. Proiektuak behar dan moduan epaitu ahal izateko, ahal danik eta datu gehien emoteko eskatu deutsie antolatzaileek parte-hartzaileei: Idea zein dan, aurrekontua, erreferentziak eta abar. Ikus-entzunezko edozein generotako lana izan leiteke, hau da, dokumentala, bideo-artea, esperimentala, animazinoa...

Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago, irailaren 15era arte. Sari bakarra emongo da, lehiaketako proiekturik onenarentzat. Originaltasuna eta sormena balorauko ditu epaimahaiak, baita futbolaren ganean proiektuek egiten daben gogoetea be. Hitzarmena sinatuko da irabazleagaz, sei hileko epean egitasmoa gauzatu eta ikus-entzunezko produktua sortzeko. 2018ko Thinking Football zinema jaialdian aurkeztuko da hori.

Athletic Club Fundazinoa da antolatzailea eta Loraldiak lagunduko deutso. Erakunde biok aurretik be alkarlanean ibili izan dira euskerazko ikus-entzunezkoak sustatzeko ekimenetan. Ganera, Euskaltel enpreseak babesten dau I. Thinking Football sariketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu