Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2017-06-20 08:06   Euskerea berbagai

Ekitaldi berean, Iñaki Caminok Amiküze eskualdeko eskuara liburua aurkeztu dau.

Andres Iñigo, Andres Urrutia, Ana Ollo, Iñaki Camino eta Mikel Arregi (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Erakundeakanako Hartu-emonetarako sailburuak sinatu dabe 2017ari jagokon lankidetza hitzarmena Iruñean. Andres Iñigo euskaltzainak eta Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariak be parte hartu dabe ekitaldian. Horren arabera, Foru Gobernuak 149.000 euro emongo deutsoz Akademiari, euskerearen inguruko hainbat jarduera eta aholkuren truke.

Akordioan adostu dabenez, erakunde biek alkarlanean segiduko dabe 2017an, kulturearen eta hizkuntzearen arloetan. Gobernuaren kasuan, Euskarabidea erakundearen bidez egingo da lan hori. 149.000 euroko diru-laguntzinoa lau proiektu nagusitan erabiliko dabe: Euskal Corpus Onomastikoaren inguruko lana; Onomastika eta toponimia lanak; Euskalkien inguruko Euskara ibiltaria erakusketea; eta Joakin Lizarraren hiztegia aztertzea.

Gure komunidadearen berezko hizkuntza bat garatzeko eta aztertzeko izango da hitzarmena, Ana Olloren esanetan. Erabilera praktiko bako erlikia izan ez daiten, euskerearen estatus sozialaz arduratuko da Nafarroako Gobernua, Ollok ziurtatu dauenez. Andres Urrutiak, bestetik, azpimarratu dau Euskaltzaindiak beti izan dauela lotura estua Nafarroako Gobernuagaz eta sinatutako hitzarmena horren jarraipena dala.

Iruñean egindako ekitaldian, Iñaki Caminok idatzitako Amiküze eskualdeko eskuara liburua aurkeztu dau Euskaltzaindiak. Nafarroa Behereko eskualde horretako euskerearen ezaugarrien azterketa filologiko sakona egin dau autoreak. Hain zuzen be, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak igaz sinatutako lankidetza hitzarmenaren emoitzetako bat da Caminoren liburua. Erakunde biek alkarlanean martxan ipinitako Mendaur bildumako hamaikagarren alea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu