Urrea Maialen Chourrautentzat Pragako Munduko Kopan
2017-06-19 08:42 Euskaldunak munduanBasque Teameko palisteak beste domina bat irabazi dau, Europako txapelketan taldeka zilarra eskuratu eta gero.
Basque Teameko Maialen Chourraut piraguisteak, 104.68ko markeagaz eta denpora-zigorrik barik, Kimberley Woods britainiarraren (104.92) eta Ricarda Funk alemanaren (108.06) aurretik amaitu dau denboraldiko lehenengo Munduko Kopan, Pragan, piraguismo eslalomeko K1 proban. Finalean alemaniarrak denporarik onena egin dauen arren (104.06) 4 segundoko zigorra izan, eta hirugarren postuagaz konformau behar izan dau azkenean.
Lasartearrak atzo sailkapeneko lehen txandan arazo batzuk izan arren, dana konpondu eban bigarren txandan, errepeskan, eta denporarik onena egin eta finalerdietarako pasea lortu eban. Fase horretan, Maialen hirugarrena izan da eta Kuhnle austriarrak eta Fox australiarrak baino ezin izan dabe gainditu gipuzkoarra.
Finalean Chourrautek jaitsiera nahiko ona egin dau, eta nahiz eta erremonte batzuetan piragua apur bat joan jakon, egoera zuzentzen jakin dau urrezko beste domina bat irabazteko, 2016an Rioko Olinpiar Jokoetan ezarritako bideari jarraituta.
Orain dala pare bat aste Tacen-en (Eslovenia) jokatutako Europako txapelketan Maialen Chourrautek seigarren postuan amaitu eban banakako lehian eta zilarrezko dominea irabazi eban taldeka, Irati Goikoetxea eta Marta Martinezegaz batera.
Pragan jokatutako Munduko Kopako lehen proba honen ondoren beste bi jokatuko ditue Alemanian: Augsburgeko Munduko Kopea datorren astean, eta Markleebergeko Munduko Kopea hurrengoan. Dana dala, Maialenek argi dauka zein dan depboraldiko hitzordu garrantzitsuena: Paun (Frantzia) irailaren 27tik urriaren 1era jokatuko daben Munduko txapelketea.
Lehiakide euskaldunen parte-hartzea
Irati Goikoetxeak 14. postuan amaitu dau Pragako Munduko Kopea (K1), Ander Elosegik 26.ean (C1), Miren Lazkanok 11.ean (C1), Joan Crespok 35.ean (C1); Samuel Hernanz zortzigarren izan da (K1) eta Klara Olazabal (C1) seigarren.
Maialen Chourrauten profila (Lasarte-Oria, 1983-03-08)
12 urte zituala, 1995ean, hasi zan piraguismoan Atletico San Sebastian klubean. Bratislavako Munduko Junior Txapelketan parte hartzeko deitu eutsien lehenengoz Espainiako selekzinorako, 2000 urtean. 2001ean, oraindino juniorra zala, selekzino nagusian sartu eben, eta ordutik bertako kide da. 2004an irabazi eban nazinoarte mailako lehen domina (Europako txapelunorde 23 urtez azpikoen mailan). Aste bi geroago ezker sorbaldako ebakuntzea egin eutsien birritan atera ostean. Sei hilebetera, barriz, Europako Txapelketa bezperan eskuineko sorbaldea atera eban eta barriro ebakuntzea egin behar izan eutsien. 2008an, Beijingo Olinpiar Jokoetan parte hartu eban, hamaseigarren amaituta. 2009an, Munduko txapelunorde izan, eta handik aurrera munduko lehen bosten artean egonkortu zan beti. 2011an, Munduko txapelketan brontzea irabazi eban, eta 2012 oparo bati Londresko Olinpiar Jokoetan emon eutson errematea brontzezko domina kolkoratuz. 2013ko maiatzean, Ane alabea jaio zan. 2014an, barriro lehiaketetara itzuli zan, eta nazinoarte mailako dominak pilatzen jarraitu eban: Europako txapelunorde taldeka eta La Seu d’Urgell-eko Munduko Kopan irabazle. 2015ean, nazinoarteko egutegiari Europako txapelketea irabaziz ekin eutson, munduko rankingeko hirugarren postuan jarriz, eta garrantzitsuena, olinpiar txartela eskuratuz. Rioko Olinpiar Jokoetan hainbeste desiratutako urrezko dominea irabazi eban. Orain, barriz, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak ditu ames.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!