Iñigo Urkulluk eta Bingen Zupiriak Labayru Fundazinoaren egoitzara bisitea egin dabe
2017-06-15 08:28 KultureaDerioko egoitzan izan dira Lehendakaria eta Kultura sailburua, Labayrukoek egiten daben lana ezagutzen.
Euskerea eta euskal kulturea ikertu eta zabaltzeko asmoz, orain dala 40 urte sortu zan Labayru Ikastegia, orain fundazino bihurtua. Urteurren horren harira, bisitaldia egin dabe Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak Labayruk Derion daukan egoitzara. Bertan zain izan ditue Adolfo Arejita fundazinoko zuzendaria eta Jokin Gorozika presidentea. Ganerako beharginak be han izan dira, baita Ander Manterola be.
Lehenik eta behin, Derioko egoitzan daukiezan zereginak erakutsi deutsiez Urkulluri eta Zupiriari. Ander Manterolak azaldu deutse bibliotekako fondoak zeintzuk diran, zertarako batu diran eta zelan erabilten diran. Euskaldunen historian garrantzitsuak diran agiriak daukaz Labayruk gordeta eta horreetako batzuk ikusi ahal izan ditue.
Ondoren, Adolfo Arejitak hartu dau berbea. Fundazinoa etorkizunera begira dagoala azpimarratu dau. Igaz, gogoeta sakon baten ostean, Bide Barriak proiektu estrategikoa aurkeztu eban Labayruk, hurrengo urteetako zereginak eta jardun-lerroak zehazteko, besteak beste, euskera naturala bultzatzea, gazteak euskerara erakartea eta transmisinoa bultzatzea dagoz lehentasunen artean.
Iñigo Urkullu Lehendakariak, bestetik, Labayruren lana txalotu dau eta lankidetzarako atea zabaldu deutso, izan be, Urkulluren ustez, euskerearen transmisinoan eta helduen alfabetatzean ezinbesteko ekarpena egin dau fundazinoak. Bide horretan oraindino badagoala zeregina gogoratu dau, batez be erabilerearen alorrean. Euskerea burutik eta bihotzetik ezpanetara eroatea da erronkea, Lehendakariaren arabera.
Ganera, Urkulluk gogoratu dau aspaldi Labayrun bertan ikasitakoa dala bera, udako alfabetatze ikastaro trinkoetan. Dana dala, Lehendakariak azaldu dau fundazinoaren lana ez dala euskereagaz lotutakoa bakarrik. Besteak beste, Atlas Etnografikoa eta Euskal Bibliotekea aitatu ditu: Gure aurreko gizon-emakumeek munduaren lur zati honetan biziteko garatu eben mundua eta modua erakusten deuskue, zer izan ginan eta zer garan ezagutzeko ezinbesteko tresnea. Lankidetzarako eta auzolanerako deia eginaz biribildu dau bere berbaldia Urkulluk.
Bisitaldia amaitzeko, Lehendakariak, sailburuak eta Labayruko arduradunek batzarra egin dabe, orain arteko hartu-emonak aztertu eta aurrera begirako kezkak alkarregaz konpartiduteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!