Euskadi Ikerkuntza Saria emon deutsie Agustín Sánchez Lavega astrofisikariari
2017-06-14 08:37 KultureaIñigo Urkullu Lehendakaria eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua egon dira ekitaldian.
Gasteizen egindako sari-banaketa ekitaldian, Iñigo Urkulluk Agustín Sánchez Lavegaren lana txalotu dau. Espazioko zientzien arloan aitzindaria izateaz gan, irakaskuntzeagaz, ikerketeagaz eta unibersidadeagaz konpromiso handia dauka Sánchez Lavegak, Lehendakariaren ustez. Beti egon zara gazteakandik hur, esan deutso Urkulluk astrofisikariari, Euskadin eta Euskaditik landu dozu zientziaren dibulgazinoa.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urtero antolatzen dau Euskadi Ikerkuntza Saria, jarduera zientifikoa bultzatu eta ikertzaileek eta talde kualifikaduek egindako ahalegina saritzeko. Urte bakoitietan, Gizarte-Zientzien eta Humanidadeen arloan egiten da deialdia; urte bikoitietan, ostera, Zientzia eta Teknologiaren ataleko profesionalen lana autortzen dabe.
2016ko Euskadi Ikerkuntza Saria emoteko, epaimahaiak aintzat hartu dau Sánchez Lavega irakasleak ikerketan eta irakaskuntzan izandako ibilbidea, eta Zientzia Planetarioen alorrean nazinoarteko erreferente bihurtu dan ikerketa-taldea sortu eta zuzendu izana. Horrezaz gan, nabarmendu nahi dau haren ikerlanak maila handiko argitalpenetan agertu dirala. Sarituak ekarpen garrantzitsua egin deutso atmosfera planetarioen azterketeari, baita metodologia barritzaileen garapenari be.
Bost kide izan ditu epaimahaiak: Manuel Tuñon de Lara, mediku pneumologoa eta Bordeleko Unibersidadeko Errektorea; Maria Jesus Esteban Galarza, matematikaria, Frantziako CNRS-ko ikertzailea eta EMSko Matematika Aplikaduaren Batzordeko presidentea; Luis Antonio Oro Giral, Kimika Inorganikoan Katedraduna Zaragozako Unibersidadean; Mª Teresa Miras Portugal, Biokimika eta Biologia Molekularrean Katedraduna, Madrilgo Complutensean; eta Javier Tejada Palacios, Oinarrizko Fisikako Departamenduan Katedradun, Bartzelonako Unibersidadean.
Agustin Sanchez Lavega (Bilbo, 1954) Zientzia Fisikoan lizentziadua da, eta EHUn doktore. Ibilbide profesionala 1980an hasi eban Alemaniako Max Planck institutuan. EHUren Injinerutza Goi Eskola Teknikora 1987an bueltau zan, eta bertako katedradun da 1994tik. Eremu esperimentalean hainbat teleskopio eta plataformagaz behaketak egin ditu. Arlo teorikoan, proiektu ugaritan ibili da: Jupiter, Saturno eta honen satelite Titan-en atmosferetako ekatx-ereduen garapena; Venus, Jupiter eta Saturnoko zirkulazino orokorren eta haizeen inguruko ereduak; eta planeta erraldoietako antizikloi eta zikloi erraldoien izakerearen inguruko azterlanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!