Toti Martinez de Lezea eta Jose Luis Corral idazleek pertsonaia historikoak aztertuko ditue Bilbon
2017-06-13 09:27 KultureaBidebarrietako Eztabaidak literatureagaz ekimenaren barruan egingo da saioa, gaur, arrastiko 19:30ean.
Eneko Aritza erregea, Antso III. Handia, Nafarroako Blanca, Diego Lopez de Haro, Juan Sebastian Elkano eta Loiolako Inazio pertsonaia historikoek, besteak beste, literatureagaz izandako harremanaren ganean eztabaidatuko dabe bi egileek saioan. Luis Urrutia idazleak, barriz, moderatzaile lanak egingo ditu Bilboko Foru Liburutegian.
Gaurko topaketea Eztabaidak literatureagaz ekimenaren denporaldiko azkena izango da. Irailean barriro ekingo jako programazinoari, Euskal kantak eta literaturea izeneko beste eztabaida bategaz.
Jose Luis Corral Erdi Aroko Historia Katedraduna da. Espainiako elebarri historiko garaikideko maisutzat dabe askok. Saiakera, liburu eta artikulu ugari idatzi izan ditu nazinoarteko aldizkari espezializaduetan. Zaragozarrak umeentzako ipuinak be idatzi ditu eta ohiko kolaboratzailea da hainbat komunikabidetan eta dibulgazino aldizkaritan. Erdi Aroko aztarnategietan ibili izan da indusketa arkeologikoak egiten.
Toti Martínez de Lezea, ostera, elebarri historikoa lantzen dauen idazle ezagunenetakoa da Euskal Herrian. Aurretik itzulpengintza lanak egiten ibili zan eta antzerki talde bi sortu zituan 1983an eta 1992an. Ikus-entzunezko produkzino lanak be egin izan ditu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailerako programak zuzenduz eta eginez. Horrezaz gan, Euskal Telebistako umeentzako eta gazteentzako saio asko sortu eta gidatu ditu.
2007an, Eztabaidak literatureagaz jarri eben martxan Bilbon eta ordutik hona 300 egile inguruk hartu dabe parte. Gaur egun, hasieran legez, programearen helburua literaturara hurreratzeko aukerea eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi bat oinarri hartuta, letrak eta beste hainbat diziplina lotuz.
Gaurko saiora sartzea dobakoa izango da eta streaming bidez be egongo da ikusgai hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!