'Hermes'-en zenbaki berezia kalean da, 'Eguna' egunkaria gogoan

Bizkaie! 2017-06-13 08:04   Euskerea berbagai

Euskera hutsezko lehenengo egunerokoa agertu zanetik 80 urte bete dirala gogoratzen dau Sabino Arana Fundazinoaren pentsamendu aldizkariak.

Bagilaren 13a aukeratu dau Sabino Arana Fundazinoak Hermes-en zenbaki berezi hau kaleratzeko. Izan be, 1937ko bagilaren 13an atera eben Eguna-ren azken zenbakia. Urte haretako urtarrilean agertu zan euskera hutsezko egunkaria, baina Francoren aldeko armada faxistea Bilbon sartzear egoanez, uda aurretxuan amaitu zan haren ibilbide laburra.

Fundazinoagaz batera, Euskaltzaindia, Bilboko Udala, Euskal PEN Kluba eta Deia egunkaria dabiz Eguna-ren 80. urteurrena gogoratzeko ekitaldiak antolatzen. Bilboko Posta kalean plakea ipini eben, hedabide aitzindari haren egoitzea egon zan etxearen aurrean. Orain, Hermes-en zenbaki berezia dator. Ale monografikoa da.

Hermes-en 56. zenbakia da honako hau eta hainbat autore ezagunek idatzi ditue bertako testuak, besteak beste, Amatiñok, Joan Mari Torrealdaik, Joseba Agirreazkuenagak eta Xabier Altzibarrek. Euskal prentsaren hastapena, oraina eta geroa izenburupean orain dala aste batzuk antolatutako jardunaldietako berbaldiak dira testuon oinarria.

Bestetik, Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak Juan Mari Aburto Bilboko alkateari egindako alkarrizketea dakar Hermes-en ale bereziak. Bilbao Arten dabizan Elisabeth Pérez Fernández, Ruth Juan, Juan Malc eta Aitor Arakistain sortzaileen lankidetza artistikoa be izan dabe zenbaki honi ikutu estetiko berezia emoteko.

Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian, egin dabe ale bereziaren aurkezpena, Eguna-ren egoitzea egon zan lekutik hur. Danetara, 2.000 aleko tiradea egin dabe eta, ohiko banaketeaz gan, Bilboko Udalaren liburutegi sarearen bidez zabalduko dabe Hermes berezia.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu