Euskal baserriaren historia agirian, Berrizko Besoitaormaetxean

Bizkaie! 2017-06-12 13:49   Kulturea

Gerediagak datu arkeologiko eta etnografiko ugari topau ditu bertan eta baserriaren eboluzinoa ikertu ahal izan dau.

Besoitaormaetxea baserria, Berrizen | Ikusi handiago | Argazki originala

Aukera bikaina ez dau alferrik galdu Gerediaga alkarteak, izan be, euskal baserriaren garapena ulertzeko ezinbestekoak izan leitekezan datuak batu ditu Berrizko Sallobente auzoko Besoitaormaetxean. 2014an baserri hori zaharbarritzen hasi ziran jaubeak eta, Gakoa enpresearen bidez, indusketa arkeologikoak egin zituen. Han agertzen hasi zana balio handikoa zalakoan, Gerediagara jo eben. Alkarlanean egindako ikerketearen emoitzak aurkeztu ditue orain. Gakoak eta Gerediagak ez eze, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Berrizko Udalak be lagundu dabe.

Ikus-entzunezko baten eta triptiko baten batu dabe Besoitaormaetxean topautakoa. Aurkezpen saio batzuk be antolatuko ditue. Izan be, balio etnografiko eta arkitektoniko handiko aurkikuntzak dira. Beheganearen azpiko geruzak osorik aztertu ahal izan ditue adituek (normalean, indusketetan metro koadro gitxi batzuk baino ezin izaten dira begiratu). Horri esker, material ugari topau dabe: Poste-zulo edo habe-zuloak; siloaren zuloa; etxolearen zorua izan zanaren aztarnak; harrizko baserria eregiten hasi ziraneko zimenduak; eta korta zein dolareen aztarnak.

Ikerketa estratigrafikoak egiteaz gan, zuloetan topautako ikatz partikula txikiei karbono-14aren frogea egin ahal izan deutsie eta horrek erakutsi dau XII. mendean etxola errektangular baten itxurako eraikina egon zala Besoitaormaetxean. Horren aurretik etxola biribil bat be egon zan, baina ezin izan dabe zehaztu nozkoa dan.

Orain arte, euskal baserrien eredu bi izan dira aztergai: Mungiako Landetxo-Goikoa eta Ezkio-Itsasoko Igartubeiti. Halandabe, baserriotan topautako poste-zulo edota habe-zuloak ez dira inoiz datatu. Beraz, Besoitaormatxea da era zientifikoan orain arteko hipotesiak frogatzeko eredua. Berrizko baserri horretan ikusten dira denporan zehar erabilitako produkzino moduak. Hortaz, baserriaren eboluzinoa ulertzen laguntzen dau, Erdi Arotik gaur arte izan dauen garapena agirian geratu da eta.

Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduaren esanetan, era honetako altxorrei esker, hobeto ulertu geinke zer garen eta zer izan garen. Bizkaiko aberastasun gordearen beste erakusgarri bat dala dino Bilbaok. Oinarrizkoa da gure zuztarrak eta arbasoen ohiturak ezagutzea, ganeratu dau.

Besoitaormaetxea baserriko aurkikuntzak gizarteratzeko egin dan ikus-entzunezkoa Labayru Fundazinoak produzidu dau. Bestetik, eskuorrirako, Imanol Larrinaga artista durangarrak baserriaren aldi bakotxeko itxurea erakusten daben marrazkiak egin ditu.

Ikusi ikus-entzunezkoa: Bersino laburra eta luzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu