Eli Ibarra: 'Athleticen aldagelea desbardina da'

Dabi Piedra 2017-06-12 13:04   Barriketan

Athletic Clubeko jokalaria

Athleticen historia luze eta oparoan lekua egin dau Eli Ibarra erdilari gipuzkoarrak. Bilboko klubak emakumezkoen taldea sortu ebanean, 2002an, heldu zan Lezamara, Eibartarrak taldetik. Harrezkero, zurigorrien denporaldi guzti-guztietan jokatu dau: 413 partidu ofizial eta 111 gol. Bost liga txapelketa irabazi ditu eta Europako lehiaketetan parte hartu dau Athleticegaz.

Ibarraren ekarpena ezinbestekoa izan da, baina azken urteotan ezin izan dau nahi beste jokatu, lesinoen erruz. Hartara, 36 urte betetear dala, erretiroa hartuko dau. Beragaz batera, Athleticen emakumeen taldeko beste jokalari historiko bik be agur esango dabe, Iraia Iturregi kapintainak eta Irune Murua goleatzaileak.

 

1.- Athleticek emakumeen taldea sortu ebanetik egon zara, 15 denporaldi. Ez da marka makala!

Bai, urtero-urtero segidu dot hasikerako ilusinoagaz eta ia konturatu barik pasau da denporea. Atzera begiratu eta urte dezente dira.


2.- Nondik sortu jatzun futbolerako zaletasuna?

Txikitatik jokatu dot. Familia futbolzale batekoa naz, aita eta anaia oso zaleak dira eta betidanik futbol asko ikusi dot etxean. Azkenean neuk be erabagi neban nire kirola futbola izango zala.


3.- Zelan gogoratzen dozu 2002ko urriaren 6a, Athleticegaz debuta egin zenduan eguna?

Oso berezia izan zan, ni Athleticekoa izan naz beti eta une haretan lehenengoz nire taldearen kamisetea janztea ederra izan zan. Subertea izan neban, gola sartu nebalako, poz-pozik egon nintzan. Ganera, Athleticen lehenengo partidua zan emakumeen lehenengo mailan. Aldaketa handia izan zan: Jente gehiago etorten zan gu ikusten, instalazinoak hobeak ziran, bedartza naturalean jokatzen genduan... dana zan desbardina.


4.- Athleticen lehenengo denporaldi haretako lantaldetik, Iraia Iturregik eta zuk zeuk baino ez dozue oraindino jokatzen. Zelakoa zan talde ha?

Euskal selekzinoan ibilten nintzan ni orduan eta, horregaitik, taldeko asko lehendik be ezagutzen nebazan. Taldekideak oso onak ziran, alkarren artean desbardintasun asko egozan, baina jente ona ziran. Athleticen aldagelea desbardina da, jente jatorrena han dago.


5.- Lehen urte haretan Ligea irabazi zenduen. Igaz bosgarren aldiz izan zinien txapeldun. Lehenengo garaipen haretatik igazkora ze desbardintasun dagoz?

Lehenengo ligea sorpresea izan zan pixka bat. Guk bagenkian talde ona zala gurea, baina irabazterik ez genduan espero. Halandabe, igazko ligeak be meritu handia dauka. Azken finean, orain beste taldeak atzerritarrak fitxetan hasi dira eta guk geure filosofiagaz lortu genduan helburua.


6.- San Mamesen partidu ugari jokatutakoa zara, gehienetan milaka lagunen aurrean. Zelako sensazinoa da hori?

Hasteko, poz handia. Gogoan dot San Mamesen lehenengo partidua jokatu genduanean 35.000 persona eroan genduzala harmailetara. Hori ikaragarria izan zan guretzat, pozgarria. Ganera, uste dot garrantzitsua dala halako zelaietan jokatu ahal izatea. Guk han partidu batzuk jokatzeko aukerea izan dogu, baina badagoz neska asko holako baldintzarik ez daukienak, horregaitik subertea izan dogu.


7.- Europako txapelketetan be jokatu dozu Athleticen elastikoagaz. Desbardina da beste liga batzuetako taldeen kontra jokatzea?

Bai, oso diferentea da. Alde fisikoan igarten da, Europako taldeak oso gogorrak dira, indartsuak. Egia da partidu gatxak izaten dirala baina Athleticegaz Europan zehar ibiltea eta holako partiduak jokatzea polita eta berezia da.


8.- Zelako garapena izan dozu Athleticen barruan 15 urteotan?

Nik uste dot asko aldatu nazala. Jokalari hobea bihurtu naz, txapelketea gero eta gatxagoa dalako. Atzerritar ugari etorten hasi da eta beti emon behar dozu dana zelaian, hori igarri egiten da. Nik neuk be aldatu eta egokitu egin behar izan dot, jokatzen segiduteko. Nire ibilbidean ez dot lesino askorik euki, baina azken bi-hiru urteotan beti euki dot minen bat, zelaira bueltau eta fisikoa berreskuratzea gero eta nekezagoa egiten izan jat. Ganera, rol barria egokitu jat, gitxiago jokatu izan dodalako. Hori gogorra da eta azkenean ikusi dot urte asko egon nazala jokatzen eta orain taldea ixteko momentua heldu dala.


9.- Zugaz batera, taldeko beste kide historiko bik, Iraia Iturregik eta Irune Muruak, erretiroa hartuko dabe. Aldagelan hutsune handia itxiko dozue?

Taldekideek ez deuskue ezer esan, azken finean, urtean zehar ikusi dabe gure momentua heldu dala. Baina esaten deuskue azken egunera arte disfrutetako eta ia gure bizitzetako etapa barrian ondo joaten jakun.


10.- Zuen agurrean malkoei eutsi ezinda egon zinien...

Bai, hori momentu gogorra izan zan. Uste dot oraindino ez dodala guztiz asimilau, entrenamenduetara joaten segitzen dot, Kopea be oraintsu amaitu dogu.


11.- Zuei lekukoa hartzeko prest datoz gazteak?

Bai, igaz eta aurten partidu garrantzitsuetan jokatu dabe gazte batzuek eta neurria emon dabe. Ondo dator holako partiduak jokatzea, ze liga hau gogorra da eta ohitu egin behar dira. Beheko mailetatik gorengo mailara alde handia dago eta asko igarten da. Eguneroko lan gogorra egin beharko dabe horretarako, baina merezidu dau Athleticen egotea eta hau guztia bizi ahal izatea. Beharbada, gazteek euren lekua topau arte, Athleticek urte txar batzuk izango ditu, baina epe luzera, nik uste goian egoteko taldea dala.


12.- Ganera, emakumeen futbola oso arin aldatzen dabil. Dirua barra-barra sartu da, arreta mediatikoa, babesleak be bai... erronka horri eusteko ze bide hartu behar leuke Athleticek?

Orain atzerritar asko dagoz ligan baina uste dot guk geure filosofiari eutsi behar deutsagula. Orain arte ondo joan jaku. Igaz be atzerritar ugari egozan eta, hara, ligea geuk irabazi genduan, bertoko jenteagaz. Gatxa da, baina lana ondo eginda ikusten da ligak irabazteko modua badagoala. Beharbada urtero ezin izango da ligea irabazteko lehian egon, baina behinik behin saltsa horretan sartuta egongo da, orain arteko bidea segidu ezkero.


13.- Gizonezkoen taldea daukien kluben artean gero eta gehiagok sortu dabe emakumezkoena. Orain, zuen ligan, holakoak dira talde gehienak eta bestelako klubak beheragoko mailetara bajatzen dabiz. Hori ona da?

Nik uste dot onerako izango dala, baina egia da talde txikiek gatx izango dabela goian egoteko, adibidez Oiartzunek, aurten ikusi dan legez. Azken finean, talde barri horreek daukie dirua eta gero eta gehiago izango dira. Ona da holako talde poteretsuek emakumeen futbolaren alde egitea.


14.- Diru gehiago dabil orain emakumeen futbolean. Baina zuek, futbolariek, zenbateraino igarri dozue hobekuntza hori zuen baldintzetan?

Tira, dirua sartu da baina, kasu askotan, ligeari berari beste itxura bat emoteko erabili da. Adibidez, orain zelaiak hobeak dira, epaileak be bai... inbersino horrek guri be mesede egiten deusku, ze askotan kanpora joaten gara jokatzen eta zelaiak txarrak izaten dira, deserosoak, bedar artifizialekoak... babesleek hori aldatu nahi dabe. Bestalde, baldintzei jagokenez, Athleticek beti emon deusku mutilei emoten deutsien tratua. Badakigu soldatea ez dala bardina, baina gizonezkoen futbolak mobiduten dauen dirutzea eta eragiten dauen arretea ezin da gureagaz alderatu. Ganerakoan, baldintza berberetan gagoz: Arreta medikoa oso ona da, adibidez erresonantziak egin geinkez behar dogunean, instalazinoak be ederrak... igaz ligea irabazi genduan eta jenteagaz ospatu ahal izan genduan, oso polita izan zan, klubak babesa emoten deusku. Dana ez da soldatea, ondo jagoten gaitue.


15.- Jokatzeari itxi eta gero, futbolagaz lotutako jardueraren bat egiteko asmorik badozu?

Oraindino ez dot pentsau. Futbola kanpotik ikusteko gogoa badaukat, beste modu baten disfrutau, baina ez dakit zer egingo dodan. Esaterako, entrenatzaile izatea ez dot inoz planteau, ez dot oso gustuko. Baina laguntzeko deitzen badeuste, batez be Athleticen bada, pozik hartuko neuke.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu