Nazinoarteko sari bi irabazi ditu Bakioko Ados Basarte txakolindegiak

Bizkaie! 2017-06-08 09:44   Jan edanak

Decanter Awards sariketea munduko ospetsuenetako bat da ardaogintzearen alorrean.

Bizkaiko Txakolina deiturearen barruan lan egiten dau Bakioko Ados Basarte txakolindegiak, Zabala ahizten gidaritzapean. 2016an, Decanter Saria eta brontzezko dominea irabazi zituan Dona Basarte txakolin baltzak. Aurten, beste sari bi eskuratu ditu Bakioko etxeak. Dona Basarte izenekoa ez eze, Ados Basarte txakolin zuria be nabarmendu dabe nazinoarteko topaketa horretan.

Euren lursailean hazitako mahatsa baino ez dabe erabilten Basartekoek txakolina egiteko, Hondarribi Zuri eta Hondarribi Baltz bariedadeak bakarrik. Coupage edo kanpoko bariedadeakaz nahasketarik bako ardaoa da.

Txakolindegiko arduradunek azpimarratu dabenez, munduko ardaorik onenen artean sartu dan lehenengo txakolin baltza da Dona Basarte, Decanter Awards sariketako arrakasteari esker. Zigilu Urdina emon deutsie. Ados Basarte txakolin zuriak be sari ugari irabazi ditu, Decanter Awardsekoaz gan.

Londresen dauka egoitzea Decanter Awards erakundeak eta urtero emoten ditu DWWA sariak diralakoak, hau da, Decanter World Wine Awards. Ospe handiko lehiaketea da, zorroztasun handiko aukeraketak eta dastaketak egiten ditualako. Aurtengo edizinoan, 17.000 ardao klasek parte hartu dabe eta 219 epaile ibili dira irabazleak aukeratzen.

Basarte etxaldea Bakion dago eta 4,5 hektarea mahasti ditu; era tradizionalean jagoten ditue, eskuz eta urtero 10.000 bat botila txakolin produziduten ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu