Erderetako berbak euskeraz zelan deklinau jakiteko araua plazaratu dau Euskaltzaindiak
2017-06-08 08:11 Euskerea berbagaiHiztunek sarritan zalantzak izaten ditue atzerriko hizkuntzetatik hartutako izenei eta berbei deklinazino markea jarteko orduan.
Greenpeace-en ala Greenpeace-ren? Allah-k ala Allah-ek? Holako zalantzak sortzen dira atzerriko izenak euskerazko testu baten sartu eta deklinau behar diranean. Berba edo izen baten ahoskerea eta idazkerea bat ez datozenean (normalean azken letrea mutua dalako) egoten dira arazo handienak. Euskaltzaindiaren 184. arauak argibideak emoten ditu deklinazino markak era egokian ipinteko.
Erderetako izenak sarritan agertzen dira euskal testuetan. Euskaltzaindiak hiru moltso nagusitan banatu ditu: Berba arruntak (yuppie, xah, cash flow...), lekuen zein personen izenak (Cannes, Shakespeare...) eta bestelakoak (Rolls Royce, Greenpeace...). Euskerazko berezko berbak zelan deklinetan diran eta atzerrikoak zelan deklinau izan diran begiratuta, forma egokienak aukeratu ditu Akademiak.
Bokalez edo euskeraz ohikoak diran konsonantez amaitzen diran berbek ez dabe arazo gehiegirik sortzen eta araua be erraza da. Esate baterako, Einstein abizen alemaniarra Kattalin moduan deklinetan da, hau da, Einsteinek, Einsteini eta abar. Katmandu uriaren izena Baionaren parekoa da: Katmandura, Katmandun...
Amaieran bokal mutua daukien berben kasua ez da horren erraza. Jatorrizko hizkuntzako ahoskerea ezagutu ezkero, ahoz holan esateko dino Euskaltzaindiak. Idatziz, ostera, bokala kontuan hartu behar da. Horregaitik, 184. arauaren arabera, Shakespeare-ren, Greenpeace-k eta holakoak dira egokiak. Izenaren eta deklinabide markearen artean marratxua idaztea aukerakoa da.
Euskerazko berbak, berez, ez dira x, y edo w konsonantez amaitzen. Beste hizkuntzetatik euskerera ekarritako berben kasuan, amaierako h-a mututzat joko da eta, beraz, bokalez amaituko balitz legez jokatuko da: Allah-k, Allah-ren eta abar. Beste biak, y eta w, bokal moduan hartzeko dino Euskaltzaindiak: Sydneyko, Bungalowra.
Araua, osorik, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!