Elbira Zipitriaren ganeko dokumentala egiten dabil Maider Oleaga

Bizkaie! 2017-06-07 08:42   Zinemea

Grabazinoari ekin deutso dagoeneko eta, gastuei aurre egiteko, crowdfunding kanpainea hasi dau.

Elbira Zipitria 1939an | Ikusi handiago | Argazki originala

Gerra aurrean zein ostean, euskerazko irakaskuntzea bultzatzen ibili zan Elbira Zipitria (1906-1982). Irakasle izan zan 1930eko hamarkadan, baina Ipar Euskal Herrira alde egin behar izan eban gero. 1942an, Donostiara bueltau zanean, euskerazko eskola klandestinoa sortu eban, era horretako lehenengoa. Berezitasun bi eukazan ezkutuko proiektu harek: Diktadura bete-betean euskerazko klaseak emoten zituala eta irakaskuntza metodo aurreratua erabilten ebala.

Ondoren etorriko ziran ikastolen aitzindari izan zan, beraz, Elbira Zipitria. 1969ra arte egon zan zabalik klandestinidadean zabaldu eban eskolea, Donostiako Fermin Kalbeton kalean. Beste alde batetik, politikagintzan be eragile izan zan Zipitria. Emakume Abertzale Batza erakunde abertzalearen ekitaldietan sarri parte hartzen eban eta hizlari trebea zan.

Elbira Zipitriaren ekarpen hori guztia erakusteko ez eze, benetan nor izan zan jakiteko asmoz sortuko dau Maider Oleaga zinemagileak IRA 26-2 dokumentala. Euskerearentzat eta Euskal Herriarentzat horrenbesteko garrantzia izan eban emakumeak errekonozimendua merezidu dauela dino Oleagak eta haren ekarpenaren barri hurrengo belaunaldiei emon behar jakela. Memoria historikoa berreskuratzeko ariketea da filma, egilearen esanetan.

Hain zuzen be, Fermin Kalbeton kaleko eskola klandestinoa egon zaneko etxean bertan bizi da Oleaga gaur egun. Kasualidade horrek bultzatuta hasi zan Zipitriaren ganean ikertzen eta dokumentala egitea erabagi dau. Etxe horretan bertan egiten dabil grabazinoa eta bideo-egunkari formatuan kontauko dau historia.

Grabaketea maiatzaren amaieran hasi eban Oleagak eta hileon bertan amaitzea da asmoa, muntaiari ekin aurretik. Proiektuari diruz laguntzeko crowdfunding kanpainea hasi dau zinemagileak, 6.000 euro lortzeko asmoz. Modu horretara, grabazinoak eragindako hainbat gastu pagau ahal izango ditu. Bagilaren 15era arte emon ahal izango da laguntzino ekonomikoa. Argibideak, hemen.

Filmaren aurrerapen bideoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu