Akerbeltzen Antxumak eta Iruri Altzerreka irabazle Markina-Xemeingo finaletan
2017-06-05 09:36 BertsolaritzeaTaldekako txapela etxekoek jantzi eben eta Eskolartekoan, ostera, Altzerreka izan zan zortzi finalisten arteko onena.
Bizkaiko bertsolaritzearen jaia ospatu zan Markina-Xemeinen zapatuan eta udabarrian martxan egon diran txapelketa bietako finalak jokatzeko astia be egon zan. Eskolarteko txapelketea urteroko hitzordua da, herrialdeko gazteei oholtzan kantetako aukerea emoteko. Taldekakoa, ostera, Bertsozale Alkarteak aurten berreskuratu dau.
Gazteen txandea goizean izan zan. Idatziz zein bat-batean ibili ziran Eskolarteko txapelketako parte-hartzaileak. Markina-Xemeingo frontoia jentez bete zan bat-bateko modalidadeko zortzi bertsolarien jarduna entzuteko. Itxaro Juaristi Olaetxea gai-emolearen aginduetara, Aritz Landeta, Bittor Altube, Beñat Bilbao, Eztizen Artola, Gorka Pagonabarraga, Iruri Altzerreka, Maider Barañano eta Naroa Torralba egon ziran oholtzan.
Iruri Altzerrekak jantzi eban txapela eta Beñat Bilbao izan zan bigarrena. Horreek biek Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketako finalean kantetako txartela irabazi dabe eta Saran izango dira hilaren 10ean. Ganera, Moises Enbeita Ealo bertsolari eta antolatzaileak jantzi eutsan txapela Altzerrekari.
Idatzizkoan, beste alde batetik, Bizkai guztiko 200 bat gazte alkartu ziran Markina-Xemeinen. Maila bakotxeko irabazleak honeek izan ziran: Ihart Arakistain (5. mailea), June Diaz (6.a), Araitz Katarain (DBH1), Maddi Egiguren (DBH2), Maddi Zabalo (DBH3) eta Peru Irastorza (DBH4 eta Batxilergoa).
Bazkalostean jokatu zan Taldekako txapelketako finala. 30 taldek emon dabe izena eta hiru heldu ziran azken saiora. Epaileen zein publikoaren eretxia kontuan hartuta, Akerbeltzen Antxumak taldeak irabazi eban. Etxean jokatu eban finala, talde horretako kideak Markinakoak eta ingurukoak dira eta. Iurretako Bertso Taldie eta Abadiñoko Koipelustre's izan ziran beste finalistak.
Txapelketan ibili diran 30 taldeetako ordezkariek oholtzara igon eben amaieran eta oroigarri bana emon eutsien antolatzaileek. Ondoren, erromeria egon zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!