BANDtzaldiak Euskal Herriko musika bandak jarriko ditu jantzan udan

Bizkaie! 2017-06-05 09:27   Kulturea

BBK Fundazinoaren laguntzinoa dauen BANDtzaldia, Sabin Bikandik idatzitako 20 lan baino gehiagoko errepertorioa daukan ikuskizun barritzailea da.

AIKO Taldeak birea hasiko dau datorren zapatuan, bagilaren 10ean, BANDtzaldia ikuskizunagaz. Egitarau bitxi horrek Euskal Herriko Musika Banda onenakaz batuko ditu AIKOko musikariak eta jantza maisuak. Portugaleteko Folklore Azokea izango da tourra abiatuko dan lekua, eta uda honetan Euskal Herriko hainbat udalerritara eta uriburutara helduko da. Ikus-entzuleek gozau eta musikeak antxina eukan esentzia eta esangurea errebindiketan dauen kontzertu-erromeria horretan parte hartu ahal izango dabe, XXI. mendean erromerien ohiturea berreskuratuz, herri bakotxeko Bandetako maisuek interpretautako musikeagaz.

BBK Fundazinoaren laguntzinoa dauen BANDtzaldia arrakasta handiz estreinau zan igaz Azkuna Zentroan, Bilboko Musika Bandeagaz; eta Gipuzkoan, Errenteriako Niessen Kulturgunean. Zapatu honetatik aurrera, Portugaleten, Iruñean, Gasteizen, Eibarren, Barakaldon, Irunen, Lizarran eta Zarautzen musikeagaz gozetako aukerea egongo da, bandak eta AIKOko musikariek interpretautako erromeria errepertorio bikainagaz, jantza maisuen gidaritzapean.

Portugaleten egingo dan estreinaldirako aukeratutako egitaraua, Sabin Bikandi AIKO taldeko kide sortzaileak eta 2015eko musika konposizino onenaren Max Saridunak idatzitako 20 lan baino gehiagok osotzen dabe. Joserra Gutiérrez Barakaldoko konposatzailea arduratu da moldaketez, lan bikaina eginez, abestiak bandearen egiturara egokitzeko.

BANDtzaldia helduko dan udalerri bakotxean, ikus-entzuleek Bandearen musikea entzuteko eta parte hartzeko aukerea izango dabe, pasodobleak, jotak, jauziak, txotisak, polkak, mazurkak, baltsak edo ingurutxoak jantzan eginez, besteak beste, jantza maisuek animauta.


Estreinaldiak Iruñean eta Gasteizen

BANDtzaldia tourra zapatuan honetan abiatuko da Portugaleten, herri horretako Elai Alai kultura tradizional zentroak antolatzen dauen Folklore Azokearen barruan. Portugaleteko Musika Bandea izango da protagonista, AIKOko musikariakaz eta jantza maisuakaz batera. Horrezaz gan, eta asteburu honetarako Azokan antolatu diran jardueren barruan, Sabin Bikandik Txistu Masterclass bat eskainiko dau, eta Patxi Labordak ‘Gureak ote… betikoak omen’ berbaldia.

Nafarroako eta Arabako uriburuetako estreinaldia aurrerago helduko da; barikuan, bagilaren 16an, La Pamplonesa banda ezaguna erromerian entzuteko aukerea egongo da BANDtzaldian, sanferminen aurretik aire librean eskainiko dauen emonaldietako batean. Kontzertuak Iruñeko Udal Musika Bandako eta AIKOko musikariak batuko ditu, agertoki gainean 50 interprete alkartu arte. Seguruenez, iruñearrek gehien itxaroten daben ospakizun herrikoietakoa izango da, oso harro baitagoz 1919tik uriaren kultur jarduerearen parte dan Bandeaz.

Astebete geroago, bagilaren 23an, Gasteizen txandea izango da. AIKOko kideak eta Gasteizko Udal Musika Bandako kideak batuko ditu, Gasteizko Folklore Akademiagaz lankidetzan. Bagilari amaierea emoteko, egun bi geroago, domekan, 25ean, BANDtzaldia Eibarrera helduko da.

Garagarrilaren 15ean, AIKO Taldeak Barakaldora eroango dau kontzertu-erromeria, Karmen jaien barruan; eta hilebete bereko 29an Nafarroara itzuliko da, Lizarrara, hain zuzen be, bertako udal musika bandeagaz batera. Abuztuan, Irungo bandea izango da protagonista, eta irailean, Zarauzkoa. Horreek dira, momentuz, BANDtzaldiaren hurrengo kontzertuak, baina beste batzuk be gehituko jakez, birea ez baitago zarratuta.


AIKO Taldea

Musikariz eta jantza maisuz osotutako alkarte kulturala da, eta orain 10 urtetik musika eta jantza tradizionalaren ondare zabala zabaltzen eta ezagutarazoten eta erromerien espiritu herrikoia berreskuratzen dabil lanean, jantzarako espazio barriak sortuz eta gero eta talde zabalagoa inplikauta. Taldearen bokazinoa modu natural eta dibertigarrian jo eta jantzan egitea eta pasino hori ahalik eta persona gehienei helarazotea da. Euskal Herri osoan eskainitako erromeria, ikastaro, tailer eta emonaldi ibiltari kontaezinakaz batera, taldearen jarduerea ez da zuzeneko emonaldietara mugatu.
AIKO Taldeak jantzan egiteko musikaz osotutako 10 disko argitaratu ditu, eta kultura herrikoiaren ondarea ikertzeko eta zabaltzeko beste zenbait ekimenen protagonista izan da, Fasioren Mendea (Bonifazio Arandia musikari arratiarraren ibilbideari eta lanari buruzko lan zorrotza) edo Urraska-Dantza jauziak Sagasetaren bidetik (jauziak izenekoen errepertorio osoaren multimedia bildumea), edo joteari omenaldia eskaintzen deutson Jotamentala dokumentala, berbarako.


BANDtzaldia TOUR

Bagila

Zapatua, 10: Portugalete Folklore Azokea. Portugaleteko Udal Musika Bandea. 19:30 (Orube Plazan)
Barikua, 16: Iruñea La Pamplonesa. 20:30 (Plaza de los Burgos).
Barikua, 23: Gasteizko Musika Bandea (Academia de Folklore de Gasteiz), 20:30 (Espainia Plazan).
Domekea, 25: Eibar. Eibarko Udal Musika Bandea, 19:30 (Unzaga Plazan).


Garagarrila

Zapatua, 15: Barakaldon. Barakaldoko Udal Musika Bandea.
Zapatua, 29: Lizarran. Estella-Lizarrako Musika Bandea.


Abuztua

Irun. Irungo Musika Bandea.


Iraila

Barikua 8: Zarautz. Zarautzko Musika Bandea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu