Herriko memoria historikoa ezagutarazoteko liburua argitaratu dau Gautegiz Arteagak
2017-06-02 08:13 KultureaGautegiz Arteaga 1936 – 1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko garaian izenburukoa da liburua.
Gautegiz Arteagako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiagaz eta Aranzadi Zientzia Alkarteagaz batera, Gautegiz Arteaga 1936 – 1945 Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoko garaian monografikoa argitaratu dau. Garai haretan bizi izandakoa, gomutak, dokumentuak edota testigantzak nabarmendu eta herriko memoria historikoa berreskuratu eta gordetzea izan da asmoa.
Liburu honegaz geure herriko memoria historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko proiektuari amaierea emoten deutsagu, baina aurrerapausu bat emoten dogu, izan be, geure seme-alabek eta lobek garai gogor hareetan jazotakoa ezagutzea bermatzen dogulako, geure eskubideak aldarrikatzen doguz, geure guraso, izeko-osabek, aitite-amumek... bizi izan zituen jazoera traumatikoak salatzen doguz. Aurrera jarraitzeko euren adorea eskertzeko modu bat da eta euren idealak defendiduteagaitik bizia galdu ebenak edota guztia galdu ebenak gogoratzeko modu bat da. Horreen memoriak garena egiten gaitu, eurek dira eta gara Gautegiz Arteaga adierazo dau Gautegiz Arteagako alkateak, Juan Felix Naberanek.
Aranzadi Zientzia Alkarteak egin dau 2015ean martxan jarritako ikerketa lan hau. Gerra Zibilan eta lehen Frankismoan (1936-1945) Gautegiz Arteagan jazotakoa ezagutzea izan da helburua. Javi Buces buru izan dauen ikerketa lan honetan Aranzadik errepresinoa izan dau berbagai, Gautegiz Arteagan gerra eta Frankismoaren errepresinoa nortzuk jasan eben jakiteko helburuagaz, hain zuzen be. Horretarako, giza eskubideen defentsan oinarrizkoak diran 3 ardatz kontuan hartu dira: Egia, justizia eta erreparazinoa. Aranzadi Zientzia Alkarteak metodologia zientifikoaren bidez egia bilatzen dau.
Kontuak kontu, 87 artiar Eusko Gudarostean edo armada errepublikanoan erroldau eta gerrara joan zirala jakin da. Horreetatik 8 Eusko Gudarosteko miliziano hil zituen; beste hiru, barriz, lehenengo armada honetan burrukan egin eta gero gudarostean mobilizatuak izan ziran, ondoren hil zituen arte.
Ganera, bonbardaketan hildako artiarrak 6 izan zirala egiaztatu dabe: 4 Gautegizen (herriko bizilagunak bi eta beste bi Elgoibarreko errefuxiatuak) eta beste biak Gernikako bonbardaketan hil ziran.
Hori gitxi balitz, ikerketa honen arabera, 46 artiar erbesteratu eta 87 gerra preso eroan zituen, azken horreetatik 43 militar frankistek epaitu zituelarik (33 gizonezko eta 10 emakume).
Herritarren kolaborazinoa, proiekturako ezinbestekoa
Garai ha bizi izan eben 9 personen testigantzen bitartez batu da informazinoa, datuak, argazkiak, dokumentuak etab. eskaini ditue bizilagun horreek. Horrezaz gan, hainbat artxibo arakatu ditue: Udal Artxiboa, Bizkaiko Artxibo Probintziala, Euskadiko Artxibo Historikoa eta estadu mailako zenbait artxibo militar.
Ikerketa proiektua fase bitan garatu da; lehenengo fasea 2015ean egin zan, herritarrakandik jasotako informazinoa batuz, alkarrizketak eta dokumentazinoa zein testigantzen ekarpenekaz, horretarako zabaldu zan memoriaren bulegoan. Bigarren fasea liburu monografiko honen argitalpenagaz amaitzen da, honek istorio personalak eta familiarrak berregiten ditu, herriko memoria kolektiboa.
Proiekturako inbersinoa 23.549,67€koa izan da. Horretarako, Gautegiz Arteagako udalak Eusko Jaurlaritzearen babes ekonomiko nabarmena izan dau.
Gautegiz Arteagak bere historiaren alde bat berreskuratu dau, batez be, Gerra Zibilean eta lehen frankismoan jazo ziran Giza Eskubideen urraketa sistematikoaren sasoi traumatikoarena, haren inguruko idatzizko dokumentazinorik ia ez dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!