Pedro Miguel Etxenike Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiako kide osoa da
2017-06-01 10:05 KultureaMadrilen egindako ekitaldi solemnean jaso dau izendapena zientzialari eta katedradun nafarrak.
Eusko Jaurlaritzeak ordezkaritza zabala bialdu dau Madrilgo ekitaldira. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuagaz batera, Adolfo Morais Unibersidade eta Ikerketa sailburuordea eta Estibaliz Hernaez Teknologia, Barrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea egon dira.
Zientzia zehatzetan, batez be fisikan, ibilbide oparoa egin dau Pedro Miguel Etxenikek eta Espainiako akademia handietako batek aintzat hartu dau bere lana, hain zuzen be, Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege Akademiaren 35. dominea jaso dau nafarrak. Beraz, erakundeko kide oso izango da aurrerantzean.
Ekitaldi solemnean, Ioi eta elektroien dinamika solido eta gainazaletan, eta zientziaren inguruko zenbait zertzelada izenburuko sarrera-berbaldia eskaini dau. Akademiaren izenean, erakunde horretako ohorezko presidente Alberto Galindo Tixairek erantzun deutso.
Pedro Miguel Etxenike (Izaba, 1950) DIPC, Donostia International Physics Center-eko presidentea da, EHUko Materia Kondensaduaren Fisikako katedraduna, CIC Nanoguneko presidentea, BERC Material Physics Center-eko presidentea eta EHUren Nazinoarteko Bikaintasun Campusaren Euskampus Fundazinoko presidenteordea. Ganera, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako ohorezko presidente be bada.
Sari eta errekonozimendu ugari jaso ditu Etxenikek: Asturiasko Printzearen saria (1998), Xabier Maria de Munibe saria (1998), Ikerketako Euskadi saria (1997), Fisikako Max Planck saria (1998) eta abar emon deutsiez. 1980ko hamarkadan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Kultura sailburu eta bozeroaile izan zan. Euskerearen aldeko eragilea be bada eta bere ikerlanetako asko hizkuntza horretan plazaratu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!