Bikain ziurtagiriari aldaketak egin deutsoz Eusko Jaurlaritzeak

Bizkaie! 2017-05-31 13:41   Euskerea berbagai

Enpresetan eta erakundeetan euskerearen erabilerea neurtzeko erespide batzuk eguneratu ditue eta administrazino publikoak erakarteko ahalegina egingo da.

Donostian egindako agerraldia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen kalidadea neurtzeko Bikain ziurtagiriaren proiektuak fase barri bati ekin deutso. Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu dau Bikain ziurtagiriaren dekretu barria eta honek dakarzan nobedade nagusi biak nabarmendu ditu: Batetik, administrazinoan gehiago zabaltzeko aldaketak egingo ditue eta, bestetik, kanpo-ebaluazinoa urte osoan egiteko aukerea emongo dabe.

Zupiriak Eusko Jaurlaritzearen Gipuzkoako ordezkaritzan aurkeztu dau proiektuaren aldi barria, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-Ikerketa eta Koordinazinorako zuzendariagaz batera. Agerraldian, ganera, Bikain ziurtagiriaren proiektuagaz bat egiteko apustua egin daben enpresa bitako eta administrazino publiko bateko ordezkariak izan dira: Bilboko Guggenheim Museoko Nerea Virto, Bankoako Ana Urkiza eta Berrizko alkate Orland Isoird.

Onartu barri dan dekretuaren eraginez, Bikain ziurtagiria eskuratu leikien entidadeak moltso bitan banatuko dira: batetik, pribaduak eta soziedade publikoak; bestetik, erakunde publikoak. Administrazinoei bidea zabaltzeko honeen erabilera-planen egiturea Bikain ziurtagiriarenaren pareko bihurtu da eta plan egitura bateratua sortu. Holan, administrazinoek egin beharko daben bidea errazagoa izango da. 2008-2016 aldian 51 erakunde publikok Bikain ziurtagiriaren mailaren bat eskuratu dabe (8 Araban, 15 Bizkaian eta 28 Gipuzkoan).

Bikain proiektua jaio zanetik zabalik egon da era guztietako entidadeentzat, baina ziurtagirien eredua berrikusteari eta eguneratzeari ekin jakonean, proiektuak administrazinoaren munduan aukera handiak izan leikezala ikusi da. Egokitzapen horren emoitzea da dekretu barria, azaldu dau Bingen Zupiriak. Gure helburua euskerea lan munduan sustatzea da, eta Bikain ziurtagiria oso tresna eraginkorra da hori lortzeko.

Bestetik, dekretu barriari esker, Bikain eskuratzeko deialdiak desagertu egingo dira, eta kanpo- ebaluazinoa eskatzeko epea urte osoan izango da zabalik. Josune Zabalak azaldu dauenez, honek be enpresen bidea erraztuko dau: Bikain barriari esker, urte osoan izango da ebaluazinoa eskatzeko aukerea.

Beste barritasun batzuk be badakarz Bikain ziurtagiriak. Esate baterako, aurrerantzean eskaerak tramitetako bide bakarra telematikoa izango da. Erreferentzia Marko Estandarraren (EME) eredua aldatu da eta, ganera, ebaluazinoa eskatzeko orduan, 250 langiletik gorako entidade guztiek  bardintasun plana izan beharko dabe. Orain arteko moduan, hiru ziurtagiri-maila izango dira, baina agiria lortzeko ponderazinoa igon egin da horreetako bitan: goi mailako edo Urrezko Bikain ziurtagiria lortzeko 800 puntu eskatuko dira (lehen 700); bigarren maila edo Zidarrezkorako, 500 puntu (lehen, 400); eta oinarrizkorako, 200 puntu.

Ziurtagirien kudeaketa teknikoari jagokonez, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzeak egingo dau, orain arte legez, baina gidaritza eta artezketa-lanaren kasuan, organo bat eratu da, Artezkaritza Kontseilua. Jaurlaritzeagaz batera, honako erakundeok osotuko dabe: Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, EUDELek, CONFEBASKek, ADEGIk, CEBEK-ek, SEAk eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoak.

Gaur egun, 313 entidadek daukie Bikain ziurtagiria eta bertan 58.466 behargin dabiz. 2008. urtetik ziurtagiri-mailaren bat lortu daben entidadeetatik 120k goi-mailakoa eskuratu dabe, 128k tartekoa eta 65ek oinarrizkoa. Lurraldeka, 187 enpresa gipuzkoarrak dira, 105 Bizkaikoak eta 21 arabarrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu