Zientziaren inguruko gogoetea idatzi dau Agustin Arrietak
2017-05-31 08:49 KultureaAlor horren ganean dagozan muturreko jarreren arteko orekea bilatu dau Zientziaren argi-itzalak liburuan (UEU).
Gizartean sarritan agertzen diran eretxi kontrajarrien erdian ipini dau bere burua Agustin Arrieta EHUko Filosofia irakasleak. Izan be, autoreak azaldu dauenez, zientzia interes ekonomiko eta politikoen menpeko tresna bat dala uste dabe batzuek. Beste ikuspegi baten arabera, ostera, zientzia gizartetik kanpo dago, persona arruntak ez dau zientziaren jardunean eragin behar. Ez bata ez bestea, erdibideko eretxia aldarrikatzen dau Arrietak.
Zientzia ez dala siniskeria, erlijino edo ideologia baten parekoa dakar liburuan; eragin politiko eta ekonomikoak ezin dirala ukatu uste dau Arrietak, baina jagoken neurria emon behar jakela. Bestetik, gizarteak zientzian parte hartu behar dauela uste dau, eguneroko bizitzan eragiten dauela gogoan hartuta. Azken finean, izenburuak dakarrenez, zientziak baditu argi-itzalak, gizakiak sortutako jakintzea dalako.
Jakintza edo jarduera bat zientziatzat joteko, oinarrizko arau batzuk bete behar dituala uste dau Agustin Arrietak, berezko ezaugarriak. Objektibotasuna eta zehaztasuna dira helburuak. Zientziaren argi-itzalak liburua, hain zuzen, gogoeta orokor bat da, zientziaren izakerea zein dan azaldu guran. soziologiaren, ekologismoaren, feminismoaren eta beste hainbaten ikuspegi be sartu dau autoreak, azken finean, argazki konplexua atera dau.
Zientziagintzeak gaur egungo gizartean aparteko garrantzia dauka, eta komenidu da fenomeno hori ahalik eta ondoen ulertzea. Holan, gure gizartea bera be hobeto ulertuko dogu; liburua bide horretan egindako ahalegina da, baita eztabaidarako proposamena be.
UEUk argitaratu dau 138 orrialdeko saiakera hau. Agustin Arrieta filosofoak lehenago be beste gogoeta filosofiko batzuk argitaratu izan ditu. Kulturearen, naturearen eta erlijinoaren arteko hartu-emonaz idatzi dau sarri eta, orain, barriz, zientziari erreparau deutso.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!