Dinastien izenen araua argitaratu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2017-05-30 11:12   Euskerea berbagai

Urtarrilean onartu eban Akademiak 182. araua eta orain hiztunen eskura ipini dau.

Mundu zabaleko gobernu, inperio eta monarkietan egon diran dinastiak euskeraz zelan izentau zehazten dauen araua da 182.a. Urtarrilaren 27an onartu eban Euskaltzaindiak, Donostian egindako batzarrean, eta orain argitaratu dau.

Arauak atal bi ditu. Lehenengoan, munduko dinastien izenak euskeraz esateko erespideak zeintzuk diran azaltzen da. Modu horretara, edozein herrialdetako eta sasoitako dinastiaren bat zelan izentau jakin nahi izan ezkero, arau zehatzak eskuragarri izango ditue hiztunek. Erespideak aldatu egiten dira dinastiaren izenaren jatorriaren arabera. Hau da, izen hori sortzeko oinarria persona-izena, leku-izena edo beste elementuren bat dan begiratu behar da.

Modu horretara, izen eratorria erabiltea erabagi dau Euskaltzaindiak (adibidez, Akemenes persona-izenetik, akemenestarrak dinastia), tradizinoak edo azken urteotako erabilerak kontrakorik ez badinoe behinik behin. Jatorrizko izena eta gure inguruko ingurune kulturaleko ohiturea urrun gelditzen diranean, ostera, maileguei lehentasuna emongo jake (esaterako, Nasr izenetik, nazariak dinastia, inguruko hizkuntzetatik mailegatua, arabieratik eratorri beharrean).

Atal horren amaieran, ganera, dinastien izenak idazteko beste argibide batzuk emoten ditu Akademiak: Letra larriz noz idatzi behar diran, batez be.

Bigarren atalean, ostera, historiako dinastia ezagunen zerrendea emoten dau Euskaltzaindiak, bakotxaren euskerazko forma arautuagaz eta gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko baliokideakaz. Bost moltsotan banatuta datoz dinastiak: Antzinatekoak, Erromatar Inperiokoak, Bizantziar Inperiokoak, Europako dinastia nagusiak eta islamaren eremukoak. Guztira, 107 dinastia dagoz zerrendan.

Araua osorik irakurteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu