Hizkuntza politikan lankidetza aukerak aztertuko ditue Bilbon

Bizkaie! 2017-05-26 08:45   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazinoak antolatuko dabe jardunaldia, azken horren egoitzan, bagilaren 14an.

Andres Urrutia, Miren Dobaran eta Estibalitz Alkorta; hirurak izango dira mintegian | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Autonomia Erkidegoan gobernu barria eratu ondoren, Eusko Jaurlaritzeak legealdi honetan hizkuntza politikearen arloan garatu nahi dituan lan-ildoak zehaztu ditu. Era berean, Nafarroako Gobernuak Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu dau oraintsu. Ganera, Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoa erakundea sortu da eta, besteak beste, hizkuntza politikan eskumenak izango ditu. Egoera horri begiratuko deutsie bagilaren 14ko mintegian, eta erakunde publikoen arteko lankidetzea zelan bideratu aztertuko dabe.

Jardunaldia goiz osokoa izango da, 10:00etatik 13:15era. Instituzino publikoetan hizkuntza politikaz arduratzen diran hainbat agintarik berba egingo dabe, baita beste erakunde batzuetako ordezkariek be. Azpimarratzekoa da Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua bertan izango dala, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeagaz batera. Nafarroako Euskarabidea institutuaren izenean Mikel Arregi egongo da. Ipar Euskal Herriko Alkargoaren izenean Beñat Arrabit hizkuntza politikako arduradunak egingo dau berba. Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Mathieu Berge be badago hizlarien artean.

Erakunde publikoetako ordezkariez gan, Andres Urrutia euskaltzainburua, Erramun Osa euskaltzaina eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidentea egongo dira eretxia emoten. Horrezaz gan, nahi daben herritarrek entzule joateko aukerea dabe. Telefono honetan emon behar da izena: 94 405 64 50.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu