Ezarritako helburuak bete arren, argi-ilunak izan ditu Donostia 2016k
2017-05-19 11:49 KultureaEuropako Kultura Uriburutzearen ganean egindako balorazino independentearen emoitzak publiko egin ditue.
Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariek aurkeztu ditue ondorioak. Txosten independentea egiten hainbat unibersidade ibili dira, beste erakunde batzukaz batera. LKS eta Prospektiker enpresek gidatu dabe ebaluazinoa. Ondorioetan, erakundeok azaldu dabe Donostia 2016k proposamen ausarta eta barritzailea eskaini dauela baina zailtasunak izan dituala aurrera egiteko. Helburuak, orokorrean, bete egin dirala dino txostenak. Baloreetan oinarritutako eragina izan dau uriburutzeak, materiala baino gehiago, eta horrek balorazinoa egitea gatxago bihurtzen dauela dino txostenak.
Lehenik eta behin, erakunde publikoetako arduradunek azpimarratu dabe uriburutzearen helburu guztiak bete dirala. Kritika ugari izan ditu proiektuak eta horri erantzun nahi izan deutsie. Dana dala, onartu dabe argi-ilunak izan dituala Donostia 2016k eta, batez be, egitasmoa gizarteratzeko orduan hutsak egon dirala..
Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusiak autortu dau, beharbada ez dirala gauza izan proiektuaren definizinoa hasikeratik jenteari azaltzeko, ez behintzat modu aproposean. Zuzendaritzearen inguruan egondako hainbat aldaketa eta gorabehera be aitatu ditu Berastegik. Bere ustez, horrek kalte egin deutso proiektuaren irudiari. Uriburutzako ekitaldi batzuk jentearen gustokoak izan arren, kasu askotan ez dira nahikoak izan irudi negatiboari bueltea emoteko.
Kanpoan izandako eraginak be argi-ilunak ditu, Pablo Berastegik onartu dauenez. Hasikeran pentsau zana baino eragin txikiagoa izan dau uriburutzeak Donostiatik kanpora. Ekitaldien % 4 Espainian eta Europan egin dira, baina helburua % 10 egitea zan.
Proiektu osoaz gan, 2016an Donostian antolatutako 28 ekitaldi banan-banan aztertu ditu erakunde independenteen txostenak. Horretarako, besteak beste, inkestak egin ditue. Ekitaldiek, bakotxak bere aldetik, egitasmo osoak baino balorazino hobea daukiela ikusten da. Esaterako, Uda gau bateko ametsa ikuskizunak eretxi onak batu ditu. Alkarbizitzearen inguruan eratutako saioek be eragin positiboa izan dabe.
Beraz, Donostia 2016ren bultzatzaileek balorazinoa positiboa dala ziurtatu dabe, proiektuak akatsak izan dituan arren. Uriburutzeak Donostian itxitako legaduaren ganeko plana hile honen amaieran aurkeztuko dabe erakunde publikoek. Udagoienean, ostera, Europako erakundeek emongo dabe eretxia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!