Koldo Larrañaga historialariak bere artxiboa emon deutso Euskaltzaindiari

Bizkaie! 2017-05-19 08:29   Euskerea berbagai

Dohaintzan jasotako agiri, artikulu eta liburuak katalogauko ditu orain Akademiak.

Koldo Larrañaga (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Historiagaz lotutako gaiak ikertzen aspaldi hasi zan Koldo Larrañaga (Azkoitia, 1937), eta zeregin horretan euskeraz ibili da batez be. Urte honeetan guztiotan, beraz, material ugari pilotu dau historialariak eta, berau katalogau eta behin betiko zerrendea egiteko, dana Euskaltzaindiari emotea erabagi dau.

Deustuko Unibersidadean Filologia eta Teologia ikasketak egin zituan Larrañagak eta Eleizearen Historian lizentziadua be bada. Ganera, Madrilgo Complutensen doktoretzea egin eban. 1989tik katedraduna da Deustun eta, bestetik, maisu ibili da hinbat herritan.

Euskal Herriko historia sakon ezagutzen dauenez, irakaskuntzarako material ugari sortu ditu. Horrezaz gan, ikerlari ibili izan da. Euskaltzaindiaren Euskararen liburu zuria lanean parte hartu eban eta liburu ugari idatzi ditu: La Real Sociedad Bascongada y la Ilustración atera eban erderaz; euskeraz, ostera, Euskal Herria antzinatean. Materialak eta agiriak (Kriseilu), Erromatarren kolonizakuntza Euskal Herrian (Gero-Mensajero), Euskal Herria Antzinate Berantiarrean eta Lehen Ertaroan eta abar.

1971 eta 1973 urteen artean Jakin argitaletxearen Historia sailaren arduraduna izan zan. Horrezaz gan, makina bat mintegitan eta ikastarotan parte hartu dau. Irakaskuntzan eta ikerkuntzan egindako lan oparo horri esker, material ugari batu ditu Larrañagak eta Euskaltzaindiari emotea erabagi dau.

Berak idatzitako eta batutako liburuak ez eze, agiri ugari dagoz Larrañagaren artxibo personalean. Esaterako, berak idatzitako artikuluak eta han-hemen topau eta gordetakoak. Hori guztia ordenau, katalogau eta behin betiko zerrenda baten ipintea izango da Akademiaren zeregina orain. Horri esker, Koldo Larrañagaren artxiboko ondarea nahi dauenak kontsultetako moduan egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu