‘Interneten be, lehen berbea euskeraz’ proiektua aurkeztu dabe
2017-05-17 09:35 Euskerea berbagaiPuntu Eus Fundazinoak, CodeSyntaxek, Ikastolen Alkarteak eta Kontseiluak sarea euskalduntzeko garrantziaz ohartarazo eta erabilerea bultzatu nahi dabe.
Edozein webgunetan sartzen garenean, edukia, gehienetan, nabigatzailearen hizkuntzearen araberakoa izaten da. Ondorioz, nabigatzailea edo eskuko telefonoa euskeraz konfigurauta badago, ataria be euskeraz agertuko da; bestela, erderaz.
Puntu Eus Fundazinoak, CodeSyntaxek, Ikastolen Alkarteak eta Kontseiluak sarean egin dituen neurketen arabera, arduratzeko modukoa da gaur egungo panoramea, izan be, Euskal Herriko internauten % 3-5 inguruk baino ez dau erabilten nabigatzailea euskeraz. Euskaldunen artean, kopuru hori bikoiztu egiten da baina halandabe, kopuru oso txikia izaten jarraitzen dau. Internauta teknofilo eta motibaduenen artean be, gehienen nabigazino-hizkuntzea erderea da, % 70-80 bitartean.
Euskeraz nabigau ezean, webguneak garatzen dituenek ez dabe euskerea kontuan hartuko, beraz, ez da euskal edukirik egongo eta horrek eskuko telefonoen eta ordenagailuen sistemak euskeraz ez kaleratzeko arriskua be badakar.
Honegaitik, nabigatzaileak eta eskuko telefonoak euskeraz jarteko kanpainea abiatu nahi dabe, erabiltzaileei eta webguneen arduradunei deia eginez: Alde batetik, erabiltzaileei nabigatzailea eta eskuko telefonoa euskeraz ipinteko konbita egin nahi deutsie. Bakotxak ahalegin txikia eginda, ekarpena egingo jakolako hizkuntzearen normalizazinoari. Aldaketea errazteko asmoagaz, baliabide bi sortu ditue: nabigatzailea era automatikoan euskeratzen dauen plugina eta eskuko telefonoa euskeratzen dauen aplikazinoa.
Ganera, umeentzako eta gazteentzako, Sarean be, lehen hitza euskeraz unidade didaktikoa atondu dabe. Ikastolen Alkarteko zentroetan landu daien, eta, era berean, beste ikastetxe guztien esku jarri eta erabili deien animau ditue antolatzaileek.
Bestetik, sustatzaileek webguneen arduardunei be euskerea lehenesteko deia egin deutsie, euren webguneetan lehen orria euskeraz erakutsi daien, aukerea cookie-en esku itxi beharrean. Izan be, sarri erabiltzaileek ez dabe erabagi kontzienterik hartzen, ez ditue gailuen hizkuntzak konfiguretan. Eta, erakunde eta enpresen ardurea be bada euren webguneek emoten daben lehen hizkuntzea zehaztea.
Egitasmoa II. Euskarazko Interneten Egunagaz bat eginez aurkeztu dabe. Aurten Azpeitian izango da Puntu Eus Fundazinoak eta Kulturaz Kultur Kooperatibeak antolatuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!