Ozeanoak jagotea danon ardurea dala azpimarratuko dau Bermeoko Arrain Azokeak
2017-05-16 12:50 KultureaEgitarau bete-betea dakar azokeak maiatzaren 19tik 21era eta, lehenengo aldiz, Kofradi Zaharra zabalduko dabe.
Ozeanoak jagotea guztion erantzunkizuna dala zabaltzea da Bermeoko Arrain Azokearen 23. edizinoko helburuetako bat. Horretarako, besteak beste, EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalaren Ikerketa Zentroak, AZTIk, Ternuak eta Opeguik martxan dituen hainbat proiektu aurkeztuko dira LOG-en, tradizinoa eta barrikuntzak buztartzen dituan Lehena-Oraina-Geroa gunean, hain zuzen.
Besteak beste, gure kostaldean botaten doguzan mikroplastikoak Ozeano Artikoraino heltzen dirala dinoan ikerketea aurkeztuko dau AZTIk. Horregaitik, beharrezkoa da plastikozko hondakinak kudeatzeko sistema eraginkorrak sortzea. Horrezaz gan, Bioteknologia Esperimentalaren Zentroak Plentzian egiten dituan jarduerak erakutsiko deutsez bermeotarrei eta bisitariei. Ganera, arrainaren zatiak zeintzuk diran erakusteko unidade ibiltaria atonduko dau erakunde horrek.
Idurre Bideguren Bermeoko alkateak nabarmendu dau ozeanoak jagoteko ardurea danona dala. Arrantzaleen Museoan egin da 23. Arrain Azokearen aurkezpena eta Bidegurenegaz batera egon dira Leandro Azkue Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria, Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko zinegotzia, Bego Gangoiti herriko turismo arduraduna eta BBKren ordezkari bat.
Aurtengo egitarauan, aitagarria da Kofradi Zaharra zabalduko dala lehenengo aldiz, atun errea eta marmitakoa probetako jarduera baterako. Dastaketa horretan batutako diruak helburu solidarioa izango dau, osasun arazoak daukiezan umeen familiei laguntzeko izango da eta.
Horrezaz gan, barikutik zapatura, era askotako jarduerak egongo dira, danak itsasoagaz lotuta: erakustaldi gastronomikoak, umeentzako jolasak, nabigazino simulagailua, pintxo erakusketea eta abar. Aita Guria baleontzian Sabor, Zabor! erakusketea egongo da ikusgai eta Nestor Basterretxea aretoan, ostera, Ortube ontziaren ingurukoa. Antonio Apraizek Dakarreko kanpainen argazkiak erakutsiko ditu eta berbaldia emongo dau, barikuan (19:00).
Irune Ormaetxeak azaldu dauenez, umeen guneak helburu hezitzailea izango dau: Itsasoko ondarea eta tradizinoak erakutsiko deutsiez neska-mutilei eta ozeanoak jagotearen garrantzia be bai. Jolas eta eskulanez gan, belaontzian osterea egin ahal izango dabe gaztetxuek.
Ganera, interesgarria izango da, Ormaetxearen esanetan, Leintz Gatzagako Gatz museoak bertatik eta Bermeoraino antolatu dauen ibilbidea, Arraina eta Ardaoaren Bidea dalakotik. Bide horren zeregin historikoa izan da Leintz Gatzagan egindako gatza Bermeko konserba lantegietara ekartea.
Azokea bera, goiz eta arratsalde egongo da zabalik, maiatzaren 19tik 21era (domekan, 15:00ak arte). Guztira, 19 erakusleku ipiniko ditue produktoreek. Jai giro ezin hobea egongo da Bermeon, Idurre Bidegurenen esanetan, herriko kultura taldeen inplikazinoari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!