Euskerazaleak alkarteak mende erdia ospatu dau

Dabi Piedra 2017-05-16 08:08   Euskerea berbagai

Francoren diktadurapean abiatutako ekimena zabalduz eta sendotuz joan da urteotan, hainbat kolaboratzaileren gogoari esker.

Juan Mari Aburto, Klaudio Barrutia eta Lorea Bilbao, Carlton hoteleko ekitaldian | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Carlton hotelean egin eban lehenengo batzarra Euskerazaleak alkarteak, 1967ko maiatzean. Euskerea bultzatzeko eta gizarteratzeko sortu zan, zeregin horretarako traba handiak egozan sasoian. Urte haretan Manuel Fraga ministroak Alkarteen Legea plazaratu eban eta, aukera hori aprobetxauta, Euskerazaleak erregistrau ahal izan zan. Lege horren barruan eratutako lehenengo erakundeetako bat, hain zuzen, Euskerazaleak izan zan, hau da, euskerearen aldeko alkarte bat, Francoren diktadurea indarrean egon arren.

Lehenengo batzar haretatik 50 urtera, leku berean, Carlton hotelean, egin dau ospakizuna alkarteak. Bertan izan da Klaudio Barroeta Euskerazaleen gaur egungo burua, baita bertako sortzaile, kolaboratzaile eta lagun izandako beste asko be. Eurakaz batera, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputadua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta abar.

Alkartearen historia eta bilakaerea batzen dauen bideoa proiektau dabe lehenengo eta behin. Labayru Fundazinoak produzidutako ikus-entzunezko horretan, Euskerazaleak zelan jaio zan eta zelako gauzak antolatu izan dituan aitatzen da. Euskerea izan dau ardatz beti eta talde independentea izan da, politikatik kanpokoa, eta horrek lagundu deutso sasoi gogorretan aurrera egiten.

Euskerearen irakaskuntzan egoan hutsunea betetea izan zan alkartearen lehenengo helburuetako bat. Euskerazko klaseak antolatzen hasi zan eta, ganera, irakaskuntza arautuan euskerea erabilteko eskabidea egin eban. Milaka sinadura eroan zituan Madrilera, baina orduko gobernuak ezezkoa emon eutsan.

Horrezaz gan, hainbat argitalpen bultzatu ditu Euskerazaleak alkarteak mende erdian: Euskerea ikasteko metodoak, idazleen obrak eta abar. 1977tik eten barik ateratzen dau Zer aldizkaria. Irakurgaiak, ikasten dabizanentzako ariketak, jolasak, olerkiak eta abar dakarz publikazino horrek. Kili-Kili umeentzako agerkari ezaguna be Euskerazaleen aterpean egon zan denpora batez.

Labayruk egindako bideoan, Euskerazaleak sortu ebenak gogoan hartu ditue: Jesus Oleaga, Jose Antonio Montiano, Jesus Atxa, Jose Luis Bengoa Zubizarreta, Julita Berrojalbiz, Adrian Zelaia, Miguel Anjel Astiz, Eusebio Erkiaga, Leopoldo Zugaza, Juan Ramon Urkijo... gehienak hilda dagozanez, euren senideak joan dira Bilboko ekitaldira.

Ekitaldia amaitzeko, erakundeetako ordezkariek egin dabe berba eta Bilboko Txistularien Udal Bandeak pieza bi jo ditu. Igone Etxebarria aurkezleak eskerrak emonaz amaitu dau saioa, Euskerazaleak sortu eben aitzindari horreen lana azpimarratuz. Sasoi ilunetan euskerea suspertzeko ahalegina aitatu eben bai Etxebarriak eta baita Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariek be.

Euskerazaleak alkartearen historia eta Carlton hoteleko ekitaldiko irudiak batzen dituan bideoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu