Artelan bateko euskerazko testua berreskuratu dau Bilboko Eleiz Museoak

Bizkaie! 2017-05-15 11:12   Euskerea berbagai

Genaro Urrutiaren Deikundea margolanak euskerazko idazkunea eukan, baina Francoren diktadurapean ezabatu egin zan.

Genaro Urrutiaren 'Deikundea' koadroa, euskerazko testua agirian dauela (argazkiak: Eleiz Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

1931n aurkeztu zan jentaurrean Deikundea olio-pinturea. Ama Birjinea sasoi haretako neskatila baten antzera jantzita ikusten da koadroan, abarketa eta buruko zapi eta guzti. Bizkaiko landa eremuan kokatutako eszenea emoten dau, ganera. Formatu handiko artelana da eta, beheko partean, letra handietan, Agur Maria otoitzaren berbak idatzi zituan autoreak, euskeraz. Harrera beroa izan eban Deikundea-k jentearen artean, orduko egunkarietako barriek erakusten dabenez.

Handik gitxira, 1937an, faxistek Bizkaia menperatu eta euskerearen arrastoak eremu publikotik ezabatzeko ahaleginean, pinturaz tapau eben Deikundea-ren euskerazko testua. Gaur egun arte holan geratu da. Orain dala urte batzuk, Bizkaiko Foru Aldundiak koadroa erosi eta Eleiz Museoari laga eutsan.

Eleiz Museoko kideek eurek azaldu dabenez, hainbat urtean zentsurauta egon eta gero, koadroaren adierazpen askatasuna berreskuratu da. Foru Aldundiaren Barriztapenerako Tailerraren lanari esker, euskerazko jatorrizko berbak barriro agirian ipini dira. Orain, artisteak sortu eban legez ikusi leiteke artelana, gure memoria historikoaren zati bat berreskuratu dogu, azpimarratu dabe museokoek.

Asteon, Museoaren Nazinoarteko Egunaren harira egingo diran dobako bisita gidatuetan, Deikundea izango da nabarmenduko dan artelanetako bat. Istorio eztabaidagarriak goiburupean egingo dira jarduerak Eleiz Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu