Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanek autortzea jaso dabe CAF-Elhuyar sarietan

Bizkaie! 2017-05-15 09:25   Euskerea berbagai

Gorka Azkune Galparsoro, Josu Doncel Vicente, Mikel Etxeberria Okariz, Armintxe 2017 proiektua, M. Jesus Esteban Galarza eta Xabier Monasterio Torre saritu ditue.

Saritu guztiak (argazkia: Elhuyar) | Ikusi handiago | Argazki originala

CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia egin dabe Donostiako Tabakalera eraikinean. Elhuyar Fundazinoak CAF enpresearen laguntzinoagaz antolatzen dauen sariketearen helburua da, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dabenen lana nabarmentzea eta helburu horregaz bat egiten daben proiektuak bultzatzea.

Guztira, 60 proposamen aurkeztu ditue aurtengo deialdira. Erdia inguru emakumezkoak izan dira, eta beste erdia, gizonezkoak. Hainbat kategoriatan emon dira sariak:

- Dibulgazino-artikulu orokorraren saria: Gorka Azkune Galparsorok irabazi dau, adimen artifizialaren inguruko artikulu bategaitik, Intuizinoaren bide ilunak argituz. Hain zuzen be, gai horren inguruko tesia aurkeztu eban igaz autoreak unibersidadean.

- Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazino-artikuluaren saria: Josu Doncel Vicenteri emon deutsie. Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: Bide optimoa aukeratzen duten algoritmoak izeneko idazlanari esker saritu dabe matematikari getxoztarra. Frantziako ikerketa zentro batzuetan ibili eta gero, gaur egun EHUko matematika aplikaduko eta estadistika saileko irakaslea da.

- Zientzia kazetaritzako saria: Xabier Monasterio Torrek irabazi dau atal horretan, Minbizia eta beronen metastasia izenburuko irrati bidezko erreportaje bategaitik. Bilbo Hiria irratian dabil autorea, eta itzultzailea be bada, besteak beste.

- Lehen Sektoreari lotutako NEIKER-Tecnalia saria: Mikel Etxeberria Okarizi emon deutsie, Udara bat ardiekin, senari jarraika testuagaitik. Biolgoa da Etxeberria, eta Euskal Natura blogeko kidea.

Saritu bakotxari 2.000 euro emon deutsiez, eta Imanol Andonegik egindako eskulturea. Horrezaz gan, 5.000 euroko bekea emon deutso CAF-Elhuyar sarietako antolakuntzeak Armintxe 2017 proiektuari. Zientziaren eta gizartearen arteko zubilana egiten dabenei emoten jake laguntzino hori. Leioako Arte Ederren fakultadeko kide batzuek eratutako egitasmoa da Armintxe 2017 eta ikus-entzunezkoen alorreko sormena lantzen dabe. Esate baterako, Kimuak katalogoan sartu da euren Bezperako koplak film laburra.

Amaitzeko, Elhuyar Fundazinoaren Patronatuak Merezimenduzko saria emon deutso Maria Jesus Esteban Galarzari. Euskerea normalizetako eta zientzia garatzeko egindako ahalegina autortzea dau helburu sariak.

Alonsotegin jaio zan Esteban, baina aspaldion Parisen bizi da, Frantziako Ikerketa Zentroko kidea da eta. Gaztetatik ibili izan da matematikan eta aitzindaria izan zan alor horretan euskerea erabilten. Nazinoartean sari eta errekonozimendu ugari lortu ditu, baina beti eutsi deutso euskerearen aldeko lanari.

Epaimahaikideak honeek izan dira: Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta HEKIMENeko zuzendaria; eta Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazinoko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna. Lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER-Tecnalia sarian, Eva Ugarte Sagastizabal teknikariak emon dau eretxia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu