Bingen Zupiria, Cristina Uriarte eta Euskal Herri Elkargoko Jean-René Etchegaray Herri Urratsen izan dira

Bizkaie! 2017-05-15 08:44   Euskerea berbagai

Aurtengo Herri Urrats berezia izan da Jean-René Etchegaray buru dauen Iparraldeko Euskal Herri Elkargoa sortu osteko lehenengoa izan dalako.

Ur Hegia etxean egindako Herri Urratsen aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Franck Dolosor | Ikusi handiago | Argazki originala

Horrezaz gan, Emmanuel Macron, Frantziako Errepublikako presidenteak kargua hartu dauen eguna be izan da aurtengo Herri Urrats. Dagoeneko Macronek iragarri dau hizkuntzearen legean pausuak emongo dituala.

Gauzak holan dirala, Iparraldeko ikastolen aldeko jai nagusira joan diran milaka lagunen artean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua zein Andres Urrutia euskaltzainburua Herri Urratsen izan dira atzo, Iparraldeko ikastolen aldeko ospakizunetan. Eurekaz batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Olatz Garamendi Administrazino eta Zerbitzuen sailburuordea be Senperen izan dira. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak jaiaren hasiera ekitaldian izan dira, beste erakundeetako ordezkariakaz batera.

Iparraldeko ikastolen jaiaren aurtengo edizinoa (H)aizu! lemapean egin dabe eta Baionako Bernat Etxepare Lizeoarentzat izango da jasotako babesa; aurtengo irabaziakaz Baiona iparrean eregiten dagozan ikastetxe barriaren parte bat pagauko dabe. Hasiera ekitaldia Senpereko aintziran dagoan Ur Hegia etxean izan da, eta erakunde deesbardinetako ordezkariek hartu dabe parte. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskerearen aldeko alkarlanaren beharraz berba egin dau: Euskerearen aintzireak danon beharra dau bizi eta eder eusteko. Erakundeak behar ditu, alkargo eta udalak. Ikastola eta eskolak behar ditu, irakasle eta ikasleak, euskaltegiak eta euskera taldeak, herritar eta hiztunak, atxikimendua eta erabilerea. Ekimena eta pazientzia. Hori ondo dakigu hegoaldeko isuritik gatozenok.

Sailburuak azpimarratu dau Eusko Jaurlaritzea beti izango dala laguntzeko prest euskerearen alde egiteko, betibe errespetutik: Itxaropenez ikusten dogu Iparraldean pausuz pausu jazoten dagoana. Eta gure babesa eta laguntzinoa eskaintzen deutsuegu, beti egin dogun legez, errespetuz zuokaz batera euskerearen aintzireak ur gehiago izan daian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu