Faxistek fusilautako herritarrak gogoan, VI. Galdakaoko Oroimenaren Astean

Bizkaie! 2017-05-12 13:27   Kulturea

Maiatzaren 13tik 20ra bitartean egingo ditue ekitaldiak, Galdako Gogora alkarteak antolatuta.

Galdako Gogora alkarteak Burdin Hesiaren azternetara antolatutako txangoa (argazkia: Mikel Lizarraga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala 80 urteko udabarria, 1937koa, benetan gogorra izan zan Bizkaian: Faxistek hainbat herri bonbardeau zituen, tartean Galdakao. 80 urte pasau dira daborduko, baina ez dogu ahaztu, eta ez dogu ahaztu gura, adierazo dau Galdako Gogorak. Horregaitik, aurten be, Oroimenaren Asteko egitaraua antolatu dau memoria historikoa berreskuratzeko alkarte horrek, Galdakaoko Udalaren babesagaz.

Urteurren berezia danez, aurten Memoriaren Aste berezia atondu gura izan dabe. Orain dala 80 urte fusilau zituen Ángel Arostegi Bilbao, Valentín Mandaluniz Ealo, José Luis Zabala Bilbao, Santiago Zelaia Sagardui, Andrés Ormaetxe Egiluz, Pedro Asua Zubiaur eta Dei Egileor Arostegi gazte galdakaoztarrak. Eurak izango dira jardunaldien protagonista nagusiak.

Galdako Gogorak produzidutako Faxistek fusilautako galdakoztarrak. No al olvido erakusketeak hildako gazteen argazkiak, gutunak, gerra-kontseiluen agiriak eta beste hainbat dokumenturen erreprodukzinoak batzen ditu zortzi paneletan banatuta. Hildakoen familiak eta artxibategiak izan dira informazino iturriak. Orain arte ezer ez da idatzi edo aztertu Ángel, José Luis, Andrés, Valentín, Santiago, Pedro eta Deiren inguruan, euren memoria ia ezabatzeraino, salatu dau Galdako Gogorak, erakusketa hau ahaztearen kontrako erantzuna da, omenaldi apala. Hilaren 15etik 20ra ikusi ahal izango da erakusketea, Gandasegi ikastetxean.

Bestetik, maiatzaren 13an eta 20an, zapatuak biak, Galdakaon dagozan Burdin Hesiaren aztarnak ikusteko bisita gidatuak egingo dira. Egun bietan hitzordua 09:00etan izango da, udaletxearen aurrean. Hilaren 13an, Altamira eta Olabarri auzoetako Burdin Hesiaren hondarrak bisitauko ditue, alkarteko kideak gidari dirala. Hilaren 20an, ostera, Bekelarre eta inguruetako aztarnak aztertuko ditue. Lubakiak, bunkerrak, metrailadore-habiak eta babeslekuak ikusiko ditue osteratxu horreetan. 

Horrezaz gan, maiatzaren 16an, martitzena, Paco Etxeberriaren berbaldia entzun ahal izango da. Aranzadi Zientzia Elkarteko forentsea da bera, eta Gorpuzkinak ateratzen, duintasunak berreskuratzen izenburuko saioa eskainiko dau, gaztelaniaz. Maiatzaren 18an, Josu Txueka historialariak Amaitu ez zan gerrea. Heriotzea, erbestea, espetxeak izeneko berbaldia emongo dau. Ekitaldi biak Gandasegi ikastetxeko Areto Nagusian izango dira, 19:30ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu