'Mendebaldeko euskerearen gaur egungo argazkia' dakar Koldo Zuazok
2017-05-11 13:24 Euskerea berbagaiBizkaiko eta inguruetako hizkeren ezaugarriak eta berba bereziak liburu baten batu ditu hizkuntzalari eibartarrak.
Orain dala 28 urte hasitako lanaren emoitzea da Mendebaldeko euskara (Elkar), Koldo Zuazok berak azaldu dauenez. Euskalkiak aztertzen urteak daroaz eta EHUn be gai horren inguruko ikasgaiak emoten ditu. Euskalkien eremuko mendebaldeko berbetak zelakoak diran azaldu dau oraingoan, liburu zehatz baina dibulgatibo baten.
1989an hasi zan Koldo Zuazo Euskal Herriko berbakerak aztertzen. Gasteizen ekin eutsan, sasoi baten Arabako uriburuan egiten zan euskerearen inguruan kuriosidadea eukalako. Han hasi zan konturatzen ordura arteko teoria asko gaurkotu beharra egoala. Bonaparte printzeak, Mitxelenak eta abarrek euskalkien banaketaz esandakoak ez ziran horren zuzenak, gogoratu dau Zuazok. Harrezkero, herririk herri ibili da, eta ibilten da, bertako ezaugarriak batzen.
Lan horren ondorioz plazaratu eban euskalkien sailkapen gaurkotua 1997an, Arabako euskerearen inguruko liburua etorri zan gero, eta lekuan lekuko hainbat berbakera be sakon aztertu ditu (Burunda, Deba ibarra, Araitz-Betelu...). Hurrengo pausua da Mendebaldeko euskara.
Hasteko eta behin, Zuazok azpimarratu dau, Mendebaldeko euskerea Arabatik zabaldu zala Bizkaira eta Deba ibarrera. Hipotesi tradizionalagaz (euskalkia Bizkaian sortu eta handik zabaldu zala) ez dau bat egiten eta horretarako froga ugari topau ditu. Gasteiz zan Erdi Aroko euskal uri nagusietako bat eta hango euskerearen ezaugarrien oihartzuna dira gaur egungo Bizkaiko berbetak.
Bestetik, herririk herri egindako azterlan sakonari esker, Mendebaldeko euskerearen azpieuskalki edo aldaerak zehaztu ditu Zuazok, eta ondorioak liburuan aurkeztu ditu. Zati bitan banatu dau dialektoa, sartaldea eta sortaldea. Bien artean, ez alde baten ez bestean dagozan berbetak dira Busturialdekoa eta Otxandiokoa.
Bestetik, Debabarrena (Elgoibar eta Mutriku ingurua) ez dira guztiz sartzen Mendebaldeko euskeran, gipuzkerearen zipriztinak ditue. Beste euskalki batzuetan (Urolan, Goierrin, Burundan) Mendebaldeko eraginak dagozala be badino Zuazok eta horreen aitamenak dagoz liburuan.
Sortaldeko eta sartaldeko berbeta nagusiak identifikau ez eze, horreen barruko lekuan lekuko aldaerak be jorratu ditu Zuazok. Bakotxak ze berezitasun dituan begiratu dau sailkapena egiteko. Nortasun handia daukie, esaterako, Uribe Kostako eta Deba ibarreko aldaerek, autorearen esanetan.
Edonork irakurteko moduko lana idazten ahalegindu da Zuazo. Horretarako, zati nagusi bitan banatu dau liburua: Lehenengo, euskalkiaren eta aldaeren ezaugarri nagusiak azaldu ditu, hau da, fonetikan, gramatikan eta abar dagozan berezitasunak. Bigarren partean hiztegia sartu dau, 18 laguntzaileren ekarpenari esker. Konfiantzazko jentea dira, euren herriko berbakerea ondo ezagutzen dabe eta hizkuntzen inguruan formakuntza apur bat badaukie gitxienez, azaldu dau.
Halandabe, hiztegiak gerra handia emon deutsala onartu dau. Izan be, batez be Mendebaldean erabilten diran 900 berba inguru aztertu ditu, banan-banan (hiztegitxuan 678 sartu ditu azkenean). Horri esker, forma bakotxa ze herri edo eskualde zehatzetan esaten dan, ze aldaera daukazan eta abar aitatu ahal izan dau. Adibideak be sartu ditu, eta Arabako behinolako euskerearen lekuko zaharretan agiri dan ala ez ganeratu dau.
Berbaz emoten diran azalpenen osogarri, ia ehun mapa dakarz Mendebaldeko euskara-k. Horreetan ikusten da, esaterako, berba bat non esaten dan. Edo egitura gramatikal bat ze eskualdetaraino zabaldu dan. Irakurteko eta ikusteko liburua da, azpimarratu dau Zuazok. Nahia Grande arduratu da mapak atontzeaz, liburuko informazinoan oinarrituta.
Koldo Zuazo pozik agertu da aurkezpenean, hainbeste urtetako lanaren emoitzea liburu baten batu ahal izan dauelako. Bizkaian, Deba ibarrean eta sasoi bateko Araban berba egiten dan euskerearen historia, bilakaerea eta ezaugarri nagusiak dagoz hor, baina, batez be, gaur egunera begiratu nahi izan dau: 2017an Mendebaldean egiten dan euskereari argazkia atera deutsat. Horregaitik, bere esanetan, gaur egungo Mendebaldeko euskalkia, azpieuskalkiak, aldaerak eta tarteko berbakerak batzen dituan mapa koloretsua (liburuko azalean agiri dana) da 28 urteko lana ondoen batzen dauena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!