‘Mingaina dantzan’ udalekuak aurkeztu ditue, erabileran eragiteko estrategiak zehazteko proiektua

Bizkaie! 2017-05-05 08:24   Euskerea berbagai

Eremu soziolinguistiko desbardinetako gazteak izango dira ekimen honetan eta erabilerea sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertuko da ikerketa baten bidez.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Mingaina dantzan proiektua aurkeztu dau bart Donostiako Miramar Jauregian. Ekimen honi esker euskereari lotutako udaleku erakargarri batzuk sustatuko dira eta erabileran eragiteko baliogarriak izan daitekezan tresnen inguruko ikerketa bat garatuko da. Udalekuotan, eremu soziolinguistiko oso euskaldunetako gazteak euskereak pisu gitxiago dauen eremuetako gazteakaz batera izango dira. Proiektu pilotua da, eta hortik sortuko diran ondorioak baliogarriak izango dira erabilerea sustatzeko estrategiak garatzeko orduan.

Eusko Jaurlaritzeagaz lankidetzan, EUDEL eta UEMA be proiektu honetan dagoz; Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeagaz batera, Beasaingo alkate eta EUDELeko euskera ordezkari Aitor Aldasoro, UEMAko presidente Josu Labaka, Ebete enpresako hezitzaile Iñaki Eizmendi eta udalekuak antolatuko dituan Ttakun enpresako ordezkari Iñaki Aristondo egon dira prentsaurrekoan. EiTBko Goazen! telesail arrakastatsuaren protagonistak be bisitari izango dira udalekuetan, eta ekimenaren aurkezpenean Inma Fernandez, Haritz Morras eta Lorea Iribar aktoreak izan dira.

Udalekuetan izango diran gazteak Euskadiko eskualde desbardinetatik joango dira: Urola Kosta-Urola Erdia, Oarsoaldea, Lea Artibai, Ezkerraldea eta Gasteiz. Beraz, euskereagaz hartu-emon desbardinak dituen gazteak izango dira Mingaina dantzan proiektuan. Udalekuak txanda bitan antolatuko dira: Lehenengoa, Mundakako aterpetxean izango da, garagarrilaren 3tik 12ra arte, 30 lagun izango dira guztira, Azpeitia, Zumaia eta Barakaldoko ikastegietatik etorritakoak. Bigarren udalekua, Kortezubiko Baratze aterpetxean egingo da garagarrilaren 21etik 30era arte eta, honetan be, 30 lagunek parte hartuko dabe, Oiartzun, Markina-Xemein eta Gasteizko ikastetxeetatik joandakoak.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazo dauenez, udaleku erakargarriak diseinau ditue eta esperientzia tarteko dala erabileran eragiteko tresnen balioa ikertzea da asmoa: Azken hamarkadotan ikusi dogu euskerearen ezagutza asko igon dala eta erabilerea be era nabarmenean hazi dala; halan dabe, erabilerea eta ezagutza ez dira neurri berean hazi, eta erabilerearen bilakaera hori desbardina izan da lekuen arabera. Euskal hiztunen ezaugarriak goitik behera aldatu dira eta erabileran eragiteko lehen balio ebanak gaur ez dau balio. Erabileran aurrerapausuak emoteko ahalmena egon daitekeela uste dogu, batez be gazteen artean, horreen ezagutza handia baita. Dana dala, erabileran eragin leikien politikak zehazteko orduan asmau egin behar dogu. ‘Mingaina dantzan’ proiektua oso eraginkorra izan daiteke horretarako.

Hizkuntza Politikako sailburuordeak azpimarratu dau testuinguru soziolinguistikoa erabileran eragin gehien dauen faktoreetako bat dala. Proiektu honen bitartez, egoera soziolinguistiko oso desbardinetan bizi diran gazteak alkarregaz biziko dira zenbait egunetan, eta alkarbizitza honen barruan garatuko da ikerketea: Badagoz euskeraz biziteko errazagoak diran eremuak, eta beste batzuetan, barriz, erabilerea sustatzea gatxagoa izaten da. Udalerri zehatz batzuk aukeratu doguz, baina beste asko izan eitekezan aukeratuak, bai euskerearen presentzia nabarmena dabelako bai horreetan erabilerea apalagoa dalako. Euskeregaz hartu-emon desberdinak dituen gazteak izango dira udalekuetan, eta testuinguru honetan euskerea sustatzeko metodologien eraginkortasuna neurtuko da.

EUDELeko ordezkariak aisialdiko programa pilotu honen balioa azpimarratu dau eta emoitzen zabalkundea egiteko konpromisoa adierazo dau. UEMAko ordezkariak erakunde honetan dagozan udalen errealidade soziolinguistikoaz berba egin dau eta proiektu honen ondorioak aintzat hartuko dituela esan dau.

Euskerearen erabilerea sustatzeko baliabideen eta tresnen esparruan lan egiten dauen Ebete enpreseak sustatuko dau ikerketea. Iñaki Eizmendik egingo dan azterketearen zehetasunak azaldu ditu: Euskerearen erabilerea sustatzeko tresna desbardinak dagoz; proiektu honetan horreetako batzuen eraginkortasuna aztertuko da eta, horrezaz gan, beste baliabide batzuk lehenengoz garatuko dira. Sortuko diran ondorioak oso interesgarriak izan daitekez erabileran zelan eragin aztertzeko. Hezitzaileak azaldu dauenez, hiru mailatako tresnak erabiliko dira era ludikoan: oinarrizko estrategiak, eusleen kontzeptuari lotutakoak eta erabileran gehien eragiten daben 12 faktore nagusien ingurukoa.

Tttakun Kultur Alkarteak kudeatuko dau udalekuon antolakuntzea; alkarteko Iñaki Aristondok azaldu dauenez, txandak 10 egunekoak izango dira eta bakotxean 30 nerabe inguru izango dira, 12 eta 14 urte bitartekoak. Helburu soziolinguistikoak hobeto lortzeko, eremu euskaldunetako 18 lagun eta gaztelania nagusi dan eremuetako 12 lagun egongo dira bakotxean. Aristondok adierazo dau aterpetxeak Busturialdea lako eremu euskaldun batean izateak be bere garrantzia dauela. Osogaiez beteriko udalekuak izango dira eta, besteak beste, ETB1eko Goazen! telesaileko protagonistek udalekuak bisitauko ditue.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 60.000 euro bideratu ditu aurten ekimen honetara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu