Hermes aldizkariaren lehenengo alea plazaratu zala ehun urte bete dira
2017-05-04 12:13 KultureaPentsamendu nazionalistearen inguruko aldizkariaren ale berezia plazaratu dau Sabino Arana Fundazinoak, mendeurrena gogoratzeko.
1917a urte esanguratsua izan zan Euskal Herriko historian, batez be abertzaletasunaren ikuspegitik. Bizkaiko Diputazino Probintzialaren agintaritzea hartu eban Euzko Alderdi Jeltzaleak (orduan Comunión Nacionalista Vasca izenpean), alderdi abertzale batek halako erakunde bat gidatzea lortu eban lehenengo aldia. Maiatzaren 4an izentau eben Ramón de la Sota Diputazinoko buru. Une haretan plazaratu zan, ganera, Hermes aldizkariaren lehenengo zenbakia.
Revista del País Vasco lelopean plazaratu zan Hermesen lehenengo zenbaki ha, Jesus de Sarriaren ekimenez. Izan be, euskal nazionalismoagaz lotutako argitalpena zan. 1922ra arte, sasoi haretako politikea, gizartea eta pentsamendua jorratu zituan, ikuspegi abertzaletik. 2001ean, Sabino Arana Fundazinoak Hermes berreskuratzea erabagi eban eta, harrezkero, eten barik atera ditue aleak.
Hain zuzen, 55. alea, 2017ko maiatzari jagokona, berezia da. Aldizkariaren lehenengo zenbakiaren mendeurrena ez eze, abertzaleak Bizkaiko Diputazino Probintzialaren agintaritzara heldu ziranekoa be gogoratzen dau. Horretarako, politikearen eta ikerkuntzearen alorreko 29 persona nabarmenen testuak batu ditue.
Orain dala ehun urteko gertakarien garrantzia eta gaur egungo Euskal Herriaren eta abertzaletasunaren egoerea buztartzeko ahalegina da Hermesen 55. zenbakia, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazinoko presidenteak azpimarratu dauenez. José Antonio Rodríguez Ranz Hermeseko zuzendariaren esanetan, begirada bikotxa dakar ale honek: Atzerako begiradea eta gaur egunekoa. Pentsau eragiten dauen alea da.
Juan Mari Atutxak adierazo dauenez, 1917an Hermes sortu zanean, begirada barritzaile eta edegia ekarri eban euskal gizartera. Iraganera begiratu dogunean, etorkizunera be begiratu nahi izan dogu, euskal nazinoaren 21. mendeko erronkak zeintzuk izango diran aztertu guran. Hermesen zenbaki berezian parte hartu daben 29 kolaboratzaileak nabarmendu ditu Atutxak. Tartean dagoz Iñigo Urkullu Lehendakaria eta kargu horretan egondako José Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea; Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta abar.
Rodriguez Ranz zuzendariaren arabera, kolaborazinoak talde nagusi bitan banatzen dira: Lehenengoan, erakunde publikoetako agintari eta ordezkariak dagoz, gehienak EAJri lotutakoak. Bigarren moltsoan, nazionalismoa eta historia sakon aztertu daben adituak.
Aditu horreen artean dagoz Joseba Agirreazkuenaga EHUko katedraduna eta Andrés Urrutia euskaltzainburua. 1917. urtea Euskal Herriko historia garaikidean giltzarria izan zala azaldu dabe biek. Europa guztian izan zan esanguratsua urte ha: Mundu Gerrea, iraultzak... hemen be bai, dino Agirreazkuenagak. Bizkaiko Diputazinoaren bidez, agenda politiko barria ezarri zan.
Diputazinoaren ardurea nazionalisten esku geratu izana euskerearentzat bultzadea izan zala uste dau Andrés Urrutiak. Euskerea instituzionalizazinoaren bidean jarri eban Ramón de la Sotaren gobernuak, dino euskaltzainburuak. Ganera, Euskal Herri guztiko erakundeak euskerearen inguruan batzen hasi ziran orduan eta, ondorioz, Eusko Ikaskuntza eta beste alkarte batzuk sortu ahal izan ziran. Azken finean, 1918an Euskaltzaindia sortzeko oinarrietako bat 1917ko Bizkaiko gobernu barria dala uste dau Urrutiak. Prozesu horretan Kataluniak izan eban eragina be aitatu dau.
Kalean da, beraz, Hermesen 55. zenbakia. Ana Riaño artistearen marrazkiak dakarz, esate baterako Hermesen mendeurrenaren harira egindako laminea. Zenbaki guztietan ahalegintzen gara artista gazteren bati lekua egiten, halakoak egitea gure DNAn dago, azaldu dau José Antonio Rodríguez Ranzek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!